Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Irakurri!

2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Joan Margaritek badu poema ezagun bat, Askatasuna, greba orokorretan ateratzen da sarritan, liburu dendek aipatzen dute: «Askatasuna da txortan egitea parkeetan». Ala aurrerago: «Aske hiltzea da. Medikuntzako gerrak dira». Sarritan aldartera datorkit askatasuna dela, Margariten salmodiari jarraikiz, Internetik ez izatea, aplikaziorik ez izatea sakelakoan. Telefonoa izatea bakarrik hamar zifra, asterisko bat eta traola. Are telefonoa paretari ala mahaiari itsatsia egotea. Ez egotea argazki makinarik mendiko paseoetan. Ezin esatea sareetako segidoreei non egon zaren oporretan. Askatasuna, bakarrik inolako anplifikaziorik gabeko zeure ahotsarekin entzungo zaituzten toki bat.

Horregatik uste dut merezitako harrera beroa izaten ari dela Iñigo Martinez Peñak argitaratu berri duen Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen liburua. Liburu horretan, besteak beste, geure ni enpresaria aztertzen du Martinezek. Zeren egungo munduaren miseriaren sorrera, neurri handienean bada materiala. Eta materia horri lotuak daude mundu honen konfigurazio orokorra, arauak eta amets handiak marrazten dituztenen bokazioak: autolaguntzatik tristeziara, ofimatikatik kirolera.

Plastizidade handiko liburua da, egile asko aurkezten dira, denbora faltaz hitz egiten du, denok egun dugun nekeaz, nola haurrek eta zaharrek molestatzen diguten. Zalantzak, heriotza, positiboa izatea, sexua.

Miseria horiez jarduten du Martinezek, literaturaz eta psikoanalisiaz lagunduta baina, bereziki, atzean, kezka politiko handi batez: eratuta dagoen mundua ez dela jasangarria. Inork pentsa dezake ez dela soluzioa inoiz liburu bat izango. Aitortuko dizuet azken asteotan izan ditudan une ederretako bat Martinezen liburuan gertatu zela, egunak lehenago iluntzen hasi diren honetan, bere liburuaren kontura. Mandamentu hipermodernoari eutsiz, gogoa daukat esateko: irakurri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.