Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Munduan egoteko moduak

2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gure paisaia sentimentalak ere baditu kokaguneak, baditu zure bizitzako zatidiren, edo izan ziren, espazioak. Horien desagertzea izan ohi da gure zati baten amaiera. Horrela sentitu izan dut nik. Duela urte gutxi batzuk eraitsi zuten jaio nintzen etxea, itsasontzi itxura zuen etxe txiki eta ederra. Itsasontzi erraldoia dirudien luxuzkoa dago orain. Apur bat umezurtz sentitzen naiz aurretik pasatzerakoan. Badakit nire espazio hori, dagoeneko, ez dagoela, eta batzuetan, batez ere euria egiten duen egunetan, zuloa sentitzen dut barruan. Nire neure galera da, beste inork sentituko ez duena. Zuloek ere egiten gaituzte. Duela egun batzuk nire paisaia sentimentala osotzen zuen gozotegia itxi dute. Negozioak pott egin du. Argazkia ateratzen ari nintzaiola alboan agertu zen gizon bat eta ozen (neuri edo bere buruari, ez dakit ziur) esan zuen etsiturik: betidanik zegoen leku hau. Betikotasun mugatua, noski. Antonio Gamoneda poetak zioen milaka urte dituen unibertso honetan istant bat baino ez garela. Betiko eta sekula santan mantra lasaigarriak zaizkigu, antza, gure iheskortasunari aurre egiteko sortutako ahalegin antzua.

Poetatik poetara. Besteek idatzitako berbatan aurkitzen dut, sarri, abaroa; besteek sortutakoetan nago, maiz. Ez iezadazu esan zuri gertatzen ez zaizunik... Badu Jon Benitok Bulkada poema liburuan olerki bat asko gustatzen zaidana, eta oso balekoa dena azaldu nahi dudanerako. «Ez naiz lehena / nire aurretikoa da dena. Baina historia hau nirekin hasten da». Gustatzen zait jarrera harro baina aldi berean apal hori. Uste dut mundu honetan egoteko jarrerarik osasuntsuena dela apaltasuna. Azken beltzean, zer gara? Heriotza artekoan bizitzen saiatzen garen piztia batzuk. Eta orain eta hemen arazo latz bat sortu zait, existentzia bera baino garrantzitsuagoa (nik ere badut nire harrokeria momenturako eskubidea): non erosiko ditut orain palmera goxoak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.