Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Isiltasun militanteaz

2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Arrazoi asko daude ezagutzea komeniko litzaigukeen eta ezagutzen ez ditugun gertaera eta prozesuen atzean. Historiari dagokionean, elementu zentrala izaten da akademiak ikertu ez duena, eskolak irakatsi gabekoa, argitaletxeetan landu ez dena, hedabideetan gogoratzen ez dena. Zentzu horretan, nabarmentzeko modukoa da Hego Euskal Herrian langile mugimenduak azken mendean izan duen historiaren eta ezagutzen dugunaren arteko amildegia.

Paradoxikoa da Amaia abeslariaren Yamaguchi pieza. Iruñean milaka langilek izerditu eta zauritu arte behar egin zuten toki hartan, baina parkea ezabaketa militantearen pieza bat da: han zegoen Imenasa fabrika eta konplexua. Gaur egun hor ez dago arrastorik. Bistan da horren ardura ez duela pop abeslari batek, ez harakinek, ezta udalaren lorazainek ere. Horretaz arduratu direla udal arkitektoak, irakasle publiko eta kontzertatuak, idazle neurotiko eta engaiatuak, zinemaren industria. Langile mugimenduaren eta, oro har, mugimendu askatzaileen isiltasuna ongi landuta zerbitzen da goizetik gauera.

Horregatik da ere nabarmena, duela hiru astetatik Nafarroa Garaiko 59 lantokitan dagoen (eta 103 lantoki posibleetatik 77tan babesten den) greba mugagabeak lehen aipatutako foro horietan duen hutsaren hurreneko tokia. Ia edozein ikuspegi askatzailetatik begiratuta (lan gatazka, klasea, generoa, lurraldetasuna, sindikalgintza, euskara, boteretzea, zaintza, hezkuntza, heziketa) gorriaren edota morearen edozein tonutan bere burua kokatzen duen pertsona edo erakunde oro entusiasmoz legoke ehunka langile pobretu horiek azken urteotan egin duten lanarekin.

Beraz, tamalez, Carlos Gimeno ez da estralurtar isolatu bat, gaur-gaurkoz klase ertainaren sentsibilitatearen ordezkaria da, 3 urtetik beherakoen irakasleei irakasle izatea ukatzen diena, lehen eta bigarren hezkuntzaren arteko soldata arrakala babesten duena, langile jendearen arteko arrakalari meritokraziatik eusten diona. Neurrigabeko isiltasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.