Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Nostalgia eta altxorrak

2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Didi-Huberman-ek idatzi zuen egungo pentsamendu askatzailearen parte bat «martxan den katastrofearen» malenkoniaren baitan bizi dela. Pentsamendu politikoak errautsa jango balu bezala. Iraganean ere perlarik aurkituko ez bagenu bezala. Ukatuz oraina eta orainera ekarri gaituzten iraganak. Pentsamendu erreakzionarioen mimetikoa da pentsamendu askatzaile hori.

Didi-Hubermanek nostalgia horri aurre egiteko Liga Komunista Iraultzailearen sortzaile izan zen Daniel Bensaiden hitzetara jotzen du. 1990eko urteetatik aurrera Bensaidek «tradizio ezkutu baten indarraz» hitz egin zuen, sobietar proiektuaren porrotak utzi zuen noraezaren erdian. Sakona lurpeko burdinbidea bezalakoa, tradizioa arkeologiaren zentzuan.

Nostalgia ukatzea da dauden aukera negargarrien artean hautatzeari uko egitea, nostalgia ukatzea ibiltzearen zentzuan, pausoz pauso. Pausoak ez dira soilik azalean ematen, pausoak ematen dira ere sakonera, pausoak memorian, pausoak dira datozenak. Didi-Hubermanek indusketa proposatzen du, malenkonia benjamindarraz «neurriz kanpo espekulatu» dela, funtsean, malenkonia hori berez zirela erorketak, estropezuak eta irristadak.

Errautsa da gure oinen azpian dugun guztia? Ez ote da hildakoak berriro lurpean elkarrekin jartzeko garaia? Didi-Hubermanek Walter Benjaminen lezio handia adierazten du: egia da hondamendia dugula aurrean, are hondamendia dugula hondamendiaren gainean, baina denborak metatu dituen hondamendi horien azpira jo behar dugu, bizirik dirauen horren bila, itsas zoruan dauden perlak arrantzatzen dituena bezala. Ustez hildako genealogia horien arrantzale izan, genealogiak altxor bilakatu, azalera perlak atera eta etorkizunari jarri ñir-ñir.

«Galdutako altxorrez» hitz egiteak ez duelako altxorren izaera ukatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.