nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Odol-jende

2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Heldu da urtaro aldaketa, eta hosto lehorrekin batera garai berrien usaina ere badu udazken honek. Udazken baino, negu itxura hartzen diot datorrenari; dena ilun eta gorri. Okerrena, negu horretan biluzik eta hotz irudikatzen dudana ez dela neure burua, nire semeena baizik, jakin badakidalako izutzen nauen etorkizun hori iritsiko balitz beraientzat izango litzatekeela ilunen eta gorrien.

Ukrainako guda hasi denetik, guda masibo baterako prestatzen ari balira bezala ari dira jokatzen herrialde ugari. Zenbait hipotesiren arabera, 2012 inguruan jaiotako Europako gazte guztiak soldadutzara derrigortuko dituzte; emakume zein gizon. Hori dioten berberek, mahai gainean jartzen dute herrialde zenbaiten goi arduradun militarrak Europako eta Asiako armaden arteko «intentsitate handiko gerra bat» aurreikusten ari direla 2027. eta 2030. urteen artean. Tristea bada ere, une batez, nahiago izan dut nire hiru semeak emakume jaio izan balira, denak militarizatu arren, gudara gizonak behartuko dituztelako. Nireak salbatzeko bulkada sentitu dut, ikarati eta neurekoi; baina, ez dakit nondik hasi babestuko dituen horma eraikitzen, ez dakit zein norabidetan egin ihes.

Izuak estutzen nauenean, ezinezkoa dela errepikatzen diot neure buruari, gaur egun ezin zaigula halakorik gertatu, isuri zirela isuri beharreko odol guztiak geurean. Edo? Munduko hainbat herrialdetan tiroka badabiltza, zergatik ez dira hemen ere hala hasiko? Ukrainako gerrak Europako lurrak gorritu baditu, zergatik ez gureak? Eta zer egingo dut nik semeak gudara behartzen badituzte bost urte barru? Nola lagunduko diet? Nola biziraungo dut? Nola hartuko dut arnasa?

Ezin duela izan errepikatzen diot neure buruari, baina ez dakit nola sinistu, 2020ko otsailarekin akordatzen bainaiz, Txinan koronabirusarekin gertatzen ari zenaz harrituta mintzatzen ginen arratsekin, eta hemen halakorik sekula gertatuko ez zen nire erabateko konbentzimenduarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.