Hedoi Etxarte
LARREPETIT

72ko topaketak eta langile mugimendua

2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Saiatu naiz segitzen 1972ko Iruñeko topaketen inguruan mende erdiaren urteurrenaren kontura idatzi dena. Plantilla bera irakurri dut eskuineko prentsan eta ezkerrekoan, Madrilgoan eta Andoaingoan: topaketen bertute estetikoa garai gris batean. Topaketetan egon ziren happeningak, piezak eta artisten izenen zerrendak.

1972ko Iruñea diktadura militar batean zegoen, estatu faxista low cost batean. 72ko topaketak Espainiako faxismoari inoiz eskaini zaion obra handiena eraiki zuen enpresaren jabeek (Huarte eta konpainia) ordaindu zituzten (Arte sí, Huarte no). Retrospektibetan asko jota aipatzen dira ETAk egin zituen bi atentatuak (bata Sanjurjo 36ko kolpe faxistaren buruaren omenezko monumentuaren kontra, bestea hotel baten kontra). Ez dira aipatzen arrazoi politikoengatik 72ko topaketetan ez parte hartzea erabaki zuten artistak, arrazoiak.

Gabriel Arestiren Motor Ibérica poema etorri zitzaidan gogora, Espainiako errepresio indarrak eta Nafarroako eta atzerriko kapitala dardarka jarri zituen grebari buruzkoa: «Çu, Naffarroa, Iruinea, indaçu iatera, iguçu iatera, bicitzera: Çure bandera gorriak bici behar gaitu...». Baina ez, 1973koa izan zen Motor Ibéricakoa, gero Potasas, Imenasa, Super Ser, Mina eta Super Serrekoak batu ziren lanuztera. ORTren jauzia gertatuko zen (Imanol Satrustegi, Beste mundu bat nahi genuen. Nafarroako ezker iraultzailea, 1970-1979). Motor Ibéricakoak greba orokor izaten bukatu zuen, Iruñerrian aurrena eta Nafarroako industrialde guztietan gero.

Satrustegi jarraituta 1972a parentesi urte bat izan zen bi urte nabarmenen artean (71 eta 73). 71koa izan zen Eaton Iberica, Potasas, Imenasa. Sindikatu Bertikalerako hauteskundeetan talde iraultzaileek PCEk ez bezala boikoterako deia egin zuten. Nafarroa sei probintzia gatazkatsuenen artean sartu zen aurreneko aldiz. Zenbakiak dirudite (71, 72, 73, 74 Authi, Villanueva) baina happeninga eta faxistek ordaindutako artista apurtzaileen bestak ordaintzen zituzten izerdiak daude hor, urteurrenak militanteki ahaztu dituen ehun mila lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.