Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Polizia hemen hasten da

2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Epez kanpo eta NAN bat aurrenekoz egiteko falta zitzaizkigun paperik gabe bertaratu ginen komisariara. Eta administrazio publikoetako bulegoetan ohituta gauden zakarkeriaren kontrakoa topatu genuen asteazkenean, irribarrea eta laguntza. Ostegunean bulegoa itxita iritsi ginen eta lanera zetorren agenteak, bandera lepoan, tobaritx guztiak baino tobaritxago, argitu zigun zer, nola eta noiz egin behar genuen hara itzuli aurretik. Noiz egongo zen nagusia.

Hirugarren egunean, nor baino nor abegikorrago, epez eta arauz kanpo denak gure alde eta atsegin: sarrerako gizon biak, ofizioa ikasten ari zena, eta barruko polizia guztiak, are nagusietan nagusiena ere, eta bereziki kudeaketa nagusia egin zigun emakumea. Lortu genituen, gutxieneko epea baino hamabi egun lehenago nahi genituen bi dokumentuak. Trukean eraman genuen gure 1312 osoa deserosotasun laino batekin; okerra ote zen gorputzean, kalean, liburuetan eta pantailetan jasandako poliziaren kolpe bakoitza. Trotskik zioena: ez da pertsona, da pertsonak egituran duen funtzioa. Arendtek zioena: edonon daude Eichmann bezalako gizon arruntak, psikopata eta faxistak.

Gogora etorri zitzaidan 2004ko abuztuan aitak izan zuen ezusteko desagradablea. Udal ikastolako zebrabidea, galant eta ia euskaltzale zuzentzen zuen udaltzaina funtzioz aldatu eta bi astez pistolek hartu zuten auzunean, Merced eta Caldereria karriketan zigortzen ibili zen: ofizio beraren milaka aurpegiak, gaur bulegari, bihar torturatzaile.

Estolda-zuloetako kontsigna parafraseatuz: 1977ko urtarrilaren 9an Sestaon poliziak hil zuen Juan Manuel Iglesias, 1980ko egun berean Loiun parapolizialek bortxatu eta hil zuten Ana Teresa Barrueta, 1978ko urtarrilaren 11n Iruñean hil zituzten Jokin Perez de Viñaspre eta Ceferino Sarasola, 1979ko urtarrilaren 13an parapolizialek larri zauritutako Jose Manuel Pagoaga, 2022ko ekainean poliziek Melillan hil zituzten 37ak eta zauritutako 76ak, guztiak hasten dira komisariako irribarre horretan. Gaur hemen daude, bihar kapitalak bere indarkeriekin behar dituen tokian. Tortura, hilketa, umiliazioa sinpatia horretan hasten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.