Albistea entzun

LARREPETIT

Azken deia

Hedoi Etxarte -

2023ko urtarrilak 21

Biharamunean elurrak gure mundutxoa geldituko zuen iragarpenarekin bizi genuen asteazkena, eta egokitu zitzaidan aspaldi gaixo baina nabarmen okerrera egin duen aspaldiko lagunari hots egitea. Hartuko zidan ere ez nekien, halako despedidetan, tamalez, geldituko direnen gogoa hiltzear dagoenari gailentzen zaiolako sarri. Hartu zuen eta izan genuen soseguzko dei ez oso luze bat, motzegia, solasaldia bizimodu egiten duenarentzat beti delako laburregia tartea. Batzuetan agurrek duten epifaniatik, ulertu nuen nor zen, nolakoa zen, Gasteiza iritsi berritan bizitzan ia inork izan ez duen eskuzabaltasunarekin hartu ninduen emakumea eta bere senarra. Bizitza nola ospatu behar dugun erakutsi zidan partekatu genuen otordu bakoitzean. Txahal xerra bakoitza, barazki bakoitza, eztia, kafea, ogia eta ogiaren zerra, piper berdeak gatz lodiarekin, arraina labean, otordu hartan jan zitekeen onena zela argi geratu zitzaidan. Dena: neguaren iluna, eguzkia estaltzen zuen behe-lainoa, puntualtasuna eta berandu iristea, dena ospatu daitekeela, ados egotea eta eztabaida sutsua.

Pozaren ekonomia bat egiten da sarri, anbiente tristeetan, jakituriak gaiztakeriarekin eta mespretxuarekin lotura duela uste dutenen sintonietan. Baina Prado kaleko etxe hartan ez, liburu bateko paragrafo bat munduko pasarte goren gisa ospatzen zen, eta solasaldi bat eteten zen ahots gora irakurtzeko, ala lagunak bidalitako posta elektroniko batek solaskideak pantaila baten aldamenera zeramatzan, Mishima, Pamuk, Hrabal, telebistako albistegia ikusi eta komentatu, El País.

Deia amaitutakoan gaua zen kalera atera nintzen, elurtearen eta negarren aurretik, eta irudikatu nituen andre betaurrekoduna eta gizon apala beren film gogokoenetako baten dialogoa imitatzen, bekainak oker, eskuak mugitzen, filma baino puskaz barregarriago. Oheratu aurretik Julius Mosen-en olerkian aurkitu nuen haien abezedarioa: «Neskatilak entzuten du, zuhaitzak murmurikatzen du; desio du, imajinatzen du, irribarrearekin lokartu eta amets egingo du».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Gaiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...