Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ordu erdi bat behin eta berriro

2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Gertatzen zait sarritan irratian pasa berri den saio bat bigarrenez entzutea, eta hirugarrenez ere bai. Agian, irratsaioa bukatu eta eskuragarri egon bezain laster. Solasaldiak, adibidez, ongi entzuteko nola gertatu den katea, argudiaketa. Elkarrizketekin ere berdin, zalantza nola entzuten den, erantzunen hasierako hutsunea. Duela urte batzuk, horrelako zerbait inprimatutako testu batekin soilik egingo nukeen, edo partitura batekin, edo plano batekin, ulertu, ulertzen saiatu, unea esku artean hartzen saiatu.

Atzo pasa zitzaidan Clara Lucianirekin, Rebecca Manzoniren Totémic irratsaioa entzun nuen. Ez dakit azken egunetako nekearengatik izango ote zen, baina nahi izan nuen gela hartan geratu. Solasaldi hartan, Manzonik Lucianirekin jendaurrean egindako irratsaioan, bukle batean, nekeak bakarrik ematen duen bake horretan.

Ez nekien duela urte batzuk dantzan jarri gintuen emakumeak eskola jazarpena jasan zuela. Ezta sarritan Frantziako kantagintzan abesti bat dantzagarria bada jasotzen duela entzuleriaren mespretxu bat. Nola Nico abeslariak lagundu zion bere ahotsa aurkitzen eta bere tonua aurkitzeko Annie Ernaux baliatu izan duela, eta musikaltasun perkusiboa izaten erakutsi ziola Marguerite Durasek, hamalau bat urterekin irakurri zuenetik. Kuraia eman zioten egunerokotasuneko zenbait keinu izateko eta «norberak bere bizitzari buruz idazteko eskubidea» aldarrikatzeko. «Errebelazio» bat izan zen Ernauxek, bere literaturaren bidez, emandako baimen hura, jatorrira itzultze hori, geure bizitzaren literaturtasuna ulertu eta arakatzen hasteko aukera.

La Grenade abestiak egin zuen izugarri ezagun Luciani, eta halako arrakasta batek agian ibilbidean aurrera egitea zail egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.