Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Notre-Dame sutan

2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Bezperan, prefeturari baimenik eskatu gabe, 1.200 manifestazio egin omen zituzten Frantzian, eta kioskoan zuten Parisko egunkari bakarra erosi nuen. Orriak pasatzen ari nintzela, ordea, begien aurretik pasa nuen artikulu deigarrienak ez zuen loturarik Frantzian gertatzen ari den altxamenduarekin.

Aurki lau urte egingo ditu Parisko Notre-Dame elizaren suteak. Hedabideek suteagatik sortu zuten tristura orokortuaren testuinguruan, zientzialariek aukera bat ikusi zuten. Batetik, suteak elizaren atalak suntsitu zituen, eta, horri esker, orain arte ezezagunak ziren tokiak agerian geratu ziren. Bestetik, sutearen konponketa lanak egin bitartean ezingo zen debotorik eta turistarik bertaratu, eta ikertzeko une ezin hobea izango zuten.

Lanekin hasi, eta gurutzearen intersekzioaren transeptuan bi sepultura aurkitu zituzten. Berriki, historialari, kimikari eta metalurgista talde batek iragarri zuen katedrala izan daitekeela aurreneko «burdinazko dama». Ba omen dira beste eliza batzuk anekdotikoki burdina erabili dutenak «baina [Maxime L'Héritier-ek adierazi duenez] Notre-Damek metalaren erabilera sistematiko bat dauka eraikuntza guztian».

Sutearen osteko aurreneko bisitetan atzeman zituzten lehenengo metalezko grapak hondakinen artean. Burdinaren fusio tenperatura 1.500 °C-koa da, eta, horri esker, suteko 800 °C-etatik osorik atera ziren piezak. Katedraleko grapek ez dute paperak elkartzeko erabili ohi ditugun zilar koloreko metal pusketatxoekin zerikusirik. 20 eta 98 zentimetro artekoak dira eta lau kilo arteko pisua dute. Egituraren aldetik konplexuak diren ataletan erabili zituzten, eta burdina berunarekin zigilatu zuten. Katedralaren eremu askotan erabili zituzten grapak, baina, agian, suteari esker egindako ikerketetako aurkikuntza nagusiak eraikuntzako materialekin du lotura: eraiki zutenek dirua eta materialak sobran izanagatik ere, Erdi Aroan ohi zutenez, material mordoa birziklatu zuten, hala eraikitzen omen zelako industria-iraultzaren hausturafilosofikoa gertatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.