Galdera entzun duenean, isilik geratu da une batez. Ez parekoak sekula entzun gabeko galdera bat egin diolako. Ez erantzunik ez daukalako. Hatz lodiko azazkala hozkatzen duen bitartean, galdera egin dion pertsonarekin daukan konfiantza neurtzen ari da, erantzuna ematearekin batera nolako uretan sartu nahi duen erabakitzen. Udara bukaeran galdera hauxe bera egin dioten hamaika alditan erantzun duena kontuan izanik, hiru dira aukera posibleak:
Ezetz erantzun diezaioke, ez dela lanera itzuliko; eta eszedentzian jarraituko duela gutxienez beste urtebetez. Erantzun hau presaz badabil edo parekoak interesik pizten ez badio hautatzen du normalean. Berehala, irribarrezabala egin ohi zaio besteari, eta «ederra suertea» edo «ederki bizi zara» edo «nik ere hartuko nuke» moduko esaldiren bat esaten dio. Baietz esan eta irribarre inozo batez ihes egiten du.
Bigarren aukera denboraz ongi badabil eta/edo beste pertsona gertukoagoa baldin badu hautatzen duena da. Baietz erantzuten du orduan, behartu behar izaten duen irribarre erdia ahoan, lanera itzuliko dela: idazle lanera. Eta isilik geratzen da parekoaren erreakzioaren zain, bestearen aurpegiko keinu doietan ikusiz nola prozesatzen duen emandako informazioa, nola ohartzen den galdera modu horretan egitean egin duen hanka sartzeaz eta nola saiatzen den disimulatzen «a, ba, primeran» edo «zeinen ongi» edo «eta zer ari zara orain idazten?» moduko zerbait erantzunez. Halakoetan, bestearen zama arintzeko, hartu duen eszedentziaren baldintzak azaltzen dizkio eta kontatzen dio oso gustura dabilela idazle lanetan eta ahal badu ez dela aurreko lanera itzuliko.
Azken aukerak, aldiro buruan izaten duen arren, ez du inoiz ahots kordetako bidea egin. Ez dio inori esan min ematen diola idazle lanari legitimitaterik ez emateak, izorratu egiten duela denek espero izateak uneren batean hura utzi eta bere benetako lanera itzuliko dela. Mingain puntan izan du askotan, baina ez da inori esatera ausartu. Gaur arte.

LARREPETIT
Itzulera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu