Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Hormako paper horia

2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Berriki Charlotte Perkins-Gilmanen (1860-1935) Hormako paper horia narrazioa irakurri dut. Dudarik gabe, Ana I. Moralesek itzulitako istorio gotikoa izan da udan harrapatu nauen liburua. 1890ean AEBetako idazleak maisuki deskribatu zuen XIX. mendeko jendartean emakumeek jasaten zuten presio itogarria, ipuinean amatasuna eta osasuna aitzakia hartuta. Horma papera da errepresioaren isla. Bada, esan liteke Hormako paper horia liburuko jendartea urrun dagoela denboran.

Lehengo astean Andraize zentroko hiru ginekologori, Elisa Sesmari, Pablo Sanchez-Valverderi eta Mari Cruz Landari, eman zien Iruñeko Zapia Joseba Asiron alkateak, 1978tik emakumeen osasun sexualaren alde eginiko lanagatik. Zentro publikoko langileek sexuaren gaineko informazioa zabaldu, arreta eskaini eta emakumeen eskubideak bermatu dituzte beren ibilbidean; esaterako, lehenengo abortu legalak egin zituzten. Nafarroako usadioaren eta erlijioaren zaindariek ez zuten hasmentatik Andraize begiko izan, eta, ohiko modu adeitsuan, legalitate eta ordenaren defendatzaileek desadostasuna adierazi zieten ginekologoei: mehatxuak egin, jazarpen soziala ezarri eta 1987an medikuen kontrako kereila aurkeztu zuten. Legea betetzeagatik. Horiek horrela, esan nahi nuke aspaldiko garaia dela 80ko hamarkada.

Garai hartako joera kontserbadorearekin loturarik ez duen UPN alderdiak ez zuen parte hartu Iruñeko Zapia emateko ekitaldian, Andraizeko langileek baino merezimendu handiagoa duen beste hautagairik badela iritzita. Akaso On Jaime Ignacio izan liteke, EAEko auzokideei erakutsiriko eskuzabaltasuna aintzat hartuta; edo Santa Maria la Realeko ama birjina, iruindarren mesederako egin dituen mirariengatik. Auskalo. Hala bada, esan daiteke Nafarroako, Euskal Herriko, jendartearen zati gero eta txikiago bat iltzaturik dagoela antzinako aro ilunetan, hormako paper horien eta plastiko beltzen garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.