maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Trump eta kabalkada

2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Larunbata, arratsaldeko bortzak, Itsasuko plaza mukuru betea. Oren bat lehenago hasi dira betetzen herri inguruetako errepideak, ez dago erraza autoa aparkatzea. Euskaradunak anitz, ilusio bisaiaz doaz herri erdirantz; inguruko herrietatik etorritakoak, urrunagotik akaso. Adi-adi, herriko gazteen bultzadaz urte osoan zehar prestatu duten kabalkada ikusteko irrikaz.

Hasi dira dantzariak kolorez, jauziz eta alaitasunez betetzen plaza. Ondotik zirtzilak, nor bere paperean sarturik, zernahi arropa bitxiz mozorroturik, ingurukoak xaxatzen eta gozamenez, haietariko bat izateko enbeia emateraino; inbidia sanoa. Horietako bat bat-batean AEBetako presidentea da, hurrengoa Macron, bertze bat Itsasuko auzapeza edo laborari xume bat, Balaki trinketeko mamu-jabeak, edozein; batzuk ez dakigu nor diren; sartzen eta ateratzen dira, eta laurdena ez dugu ulertuko, herrikoak ez garenez. Baina sentitzen da zerbait. Aipatu dira Sudminek egin nahi dituen urre meategiak, Ducassou pilotaria armaturik da, Alki enpresako langileak bertsotan. Eta nahaste-borraste horren erdian dena elkartzen duen ardatz bat: umorezko kritika, euskaraz egina.

Ikusten ari nintzela ez zitzaidan, bada, gogoratu G7ko buru eta bikotekideak hortxe izanak zirela duela ez hainbertze, Itsasutik urrats batzuetara dagoen Ezpeletan kafea hartzen, sortu duten harrabotsa ia ahantzia dugula jada. Eta bururatu ez zitzaidan, bada, zer pentsatuko lukeen Donald Trumpek kabalkada horren erdian bere burua lotsagarri ikusita, eta inguruko herritarrak hari trufaka. Baina ez du zentzurik: segur aski, Trumpek ez baitu jakinen zer den libertimendu gisa inauterietatik kanpo egiten den ikuskizun hori. Eta ikusiko balu ere, ez bailuke folkloretik harago ulertuko. Preseski ez baitago hark ulertzeko egina, eta, zorionez edo zorigaitzez, horixe baita egin diezaiokegun desafio txikirik ederrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.