Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Iruñeko elurrak

2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Aspaldi da ezaguna Enrique Maia Iruñeko alkateak autobus geltoki zaharra eraisteko asmoa duela, zergatik eta zertarako bota nahi duen duela gutxira arte azaldu ez digun arren. Batzuek datari leporatu diote errua, geltokia 1934an, Errepublika garaian, sortu baitzen. Une historiko horrekin zerikusirik duen guztia omen da udalburuaren gustuaren kontrakoa «zauriak sendatzen laguntzen ez duelako». Paradoxikoki, 1941ean ebakiak gupidarik gabe zabaldu zituztenen omenez eraiki zen monumentua bere horretan mantentzearen alde dago Maia; zauriak orbaindu daitezen izanen da. Tira, UPNko kidearen fobiak eta filiak gorabehera —lepoa eginen nuke euskarari diona ez dela bere fobia bakarra—, ez dut uste Errepublikak sortzen dion balizko azaleko eritasuna dagoenik eraikina suntsitzeko erabakiaren abiapuntuan.

Alkateak berak eraistearen gakoa adierazi zigun aurreko astean: «Haurrendako eski pista bat irudikatzen dut, edo bolatokia, edo agian zinema aretoa». Oso normala dena. Aitortzen dut adierazpena entzunda saltotxo bat egin nuela sofan eta bromatan aritu nintzela ateraldiaz—«Iruñeko Neguko Olinpiar Jokoak!»—, baina kontua ez da txantxetakoa, hiri eredua baita eztabaidan dagoena. Geltokiko leihatilak artisten lanen erakusleiho dira orain, eta produktu ekologikoak, bertakoak edota bidezko merkataritzakoak daude aretoan salgai; kafetegian langileek atsegin, salneurri onean —eta euskaraz!— eskaintzen dizkiguten janari goxoak bezalakoak. Horrez gain, haurrendako jolastoki estalia baina guziei irekia dago eraikinean, umeak negu euritsuan aterpean jolas daitezen. Aitzitik, soilik jardueraren prezioa ordaintzen ahal duten gurasoen umeendako dago pentsatua Maiaren proiektua, ekonomia solidariotik eta kultura alternatibotik erabat aldendua. Herritarren beharrei erantzuten ez dien egitasmo ultrakapitalista du alkateak buruan; Iruñe berria eraiki nahi du Maiak eredu zaharkituan, kosmopaletoan —Basque beharrean Navarrese?—, jasangaitzan eta, hau ustekabea!, baztertzailean oinarritua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.