Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Auzoko gailurra

2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Ostirala Donibane auzoan eta Nina Kostadinova kozunak-ak txukuntzen ari da. Iaz mila berrehun saldu zituzten Aste Santu ortodoxoaren aurretik. Aurten erdia. Trukean legamia gehiago ari dira saltzen. Sartu da hirurogei urteko andre bat, «dobro utro» esan du eta legamiarekin mendazko goxokiak erosi ditu. Kostadinovak dio orain denbora daukala jendeak, erositakoen partez etxean egiten dituzte kuzonak-ak. Hutsak dauzka eta lokum saltsa gozoarekin egindakoak, intxaurrekin eta fruitu azukreztatuekin, «turkiarrak gurean izan ziren eta arrastoak dauzkagu elikaduran. Saltsa hau glukosa naturalarekin egina dago».

Bulgariako produktuak dauzka bereziki, senarrak laguntzen dio dendan. Rila deitzen da denda. Rila Balkanetako gailurra da eta dendaren sarreran ongi etorri jartzen du: hiru hizkuntzatan. Auzoan jogurtengatik da ezaguna, gehienak Bulgariatik datoz, asteazkenetan, Urbiako mandarinak bezala. Marka ezberdinak dauzka, esne ezberdinekin eginak, koipe kopuru ezberdinarekin. Eta pedagogia egiten dute. Zeren jogurta (Kadareren ipuin hartan bezala) ia edozerekin nahastu daiteke: entsaladekin, okelekin, arrainekin, fruituekin. Ostiral santuan ez dute garbigailurik jartzen, ez dute garbitzen, Jesus gurutziltzatu zutelako. Kostadinovak dio bere herriko melodia zaharrek eta euskaldunek badutela antz handia. Kyustendilekoa da bera; Bulgariako lorategia dira, herrialdea hornitzen dute barazki eta fruituekin, gereziekin bereziki.

Rilan badira txerrikiak, txokolateak, gozogintza, marmelada: zirilikoz. Yannis Ritsosek idatzi zuen Nikola Vaptsaroven poesia zela «azkarra, kalekoa, zehatza, argudiozkoa», Rilako solasaldiak ere halakoak dira. Zeren «badaki[gu] bizitzan nongoak garen eta ez gara erraz errendituko, besterik gabe». Vaptsaroven poeman nola «hilko gara askatasunaren eta [kuzonak]aren aldeko borrokan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.