Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Mutazio antropologiko bat

2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Erromara aldatu zen Pasolini 1950ean. Irakasle, zuzentzaile eta artikulugile lanekin elikatu zen. 1955an etorriko zen Ragazzi di vita eleberriaren argitalpena: asko saldu zen, eta prentsako iruzkinetan jipoitu egin zuten (berdin komunistek eta atzerakoiek). Handik aurrera ezin izan zuen hedabideen fokua gainetik kendu. Handik aurrera argitaratutako filmak, idazki bakoitza eta liburuak zaleen eta etsaien begietatik pasatu ziren. Egingo zituen lanen artean alderdi komunistari lotutako Vie nuove aldizkariari lotutakoa zegoen: 1960tik 1965era irakurleek bidalitako galderei erantzun zien (Macciocchik gonbidatu zuen). «Mutazio antropologiko» bat jasan zuen garai hark: erresistentzia antifaxistaren hegemoniaren krisia.

1960ko urriaren 15eko alean, sinadura irakurrezina idatzi zuen Vicenzako irakurle batek galdetu zion Brigitte Bardoten suizidio saiakerari buruz: «Nola da posible [...] bizitzan den-dena izan duenak bere bizitza aurretik kendu nahi izatea?»

Pasolinik esan zion ezetz. Ez zuela uste Bardotek bizitzan den-dena izango zuela. Gainera, kazetari burgesek egiarekiko duten konpromiso exkaxa salatzen zuen: «kazetari burgesak ez dio inoiz egiari zerbitzu eman nahi [...]. Zeharo despertsonalizatzen da; bere ordez, balizko iritzi publikoari hitz egiten uzten dio». Baina kazetari horrentzat jende arrunta «ongipentsatzailea da, baina ergela».

Ospeaz esan zuen: «besteek faltsutzen duten bizitza bat zeuregana faltsututa iristen dena, eta azkenean benetan eraldatzen zaituena. Sarritan esaten da norbaitek 'ez duela jakin arrakasta jasaten', horrekin esan nahi denean berekoia bihurtu dela eta handiustekoa». Arrakasta izan dutenen bizitza sarritan jasanezina dela erantzun zion Pasolinik, «arrakastaren neurosia» sortzen duela, ospetsuarekiko harreman guztiak beti direlako gezurrezkoak, beti dagoela esplotazio bat, bi norabidetakoa egunkari editore eta ekoize burgesen eta ospetsuaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.