Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Inbidia eta erresumina

2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Bitxia da nola sortzen diren aldi berean irakurtzen ditugun testuen artean. Joan den igandean, adibidez, Vocento taldeko gehigarriko bere zutabean Juan Manuel de Pradak sare sozialetako bortizkeriaz idatzi zuen. Bertan, digitalki kontrarioa lumatzen dutenez esan zuen «munstro» horiek ez zirela «marginalitatearen ondorio, baizik eta arauarena», alegia, azkenaldian «pasiorik zitalenak bertute zibiko bihurtu direla: besteren ongiarekiko inbidia, erresumin harroputza, ontasunarekiko eskarnioa, ideologiaren festa-jantziarekin mozorrotutako gorrotoa». Harritu ninduen de Pradak nola nahasten zituen inbidia eta erresumina.

XL Semanal-ekin batera, Roger Scrutonen Wagnerri buruzko liburukotea nuen beste kanalean (El anillo de la verdad, Acantilado 2019). Jakina da erresuminaren gaia konstante bat dela Wagnerren operetan, konpositoreak ideologikoki txarresten zituen pertsonaietan. Hala, Scrutonen liburuan ere erresumina behin eta berriz aztertzen den kontua da, baina beti inbidiatik bereizita: «Hierarkia orok sortzen du inbidia. Epaileak togekin jantzita ikustea, artzapezpikuak prozesioetan, nobleak tronuaren inguruan eta Gatsby bere igerilekuan, irudi horiek guztiak puñalak dira inbidia dutenen haragian. Baina inbidiak ez du erresuminarekin zerikusirik. Erresuminduak bestearen jabetza suntsitu nahi du, ez zaio axola berak ere jabetza hori izan dezakeen ala ez. Bada zeure burua inbidiatik defendatzerik [...], baina erresuminaren kontra, ordea, ez dago defendatzerik. Pertsona erresuminduak ez du zure zorte ona partekatu nahi, suntsitu egin nahi du».

Zaila da Wagnerri buruz milaka lan idatzi direnean ezer berria esatea, eta Scrutonek lortzen du, besteak beste, Alberichen pertsonaiari (eta horrek diruarekin, maitasunarekin, erresuminarekin eta Wotanekin duen harremanari) buruz gogoeta egiten duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.