Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Maskarak Ajuria Enean

2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Igartzen ez den xirimiriak bezala ekartzen dizkigu bizitzak egile asko. Beste batzuk ekaitz betea dira eta gogoratzen duzu ongi noiz, nork eta non ireki zizkizun bidezidorrak. Ajuria Enea parean ezagutarazi zidan lagunak Eugenio Trias. Nola zen posible melomanoa izan eta hogei urte beteta gizon hura irakurri ez izana. Biharamunean Drama e identidad eman zidan.

Mendeak abiada bizian zeharkatzen ditu Triasek. Halako batean, filosofia eta ihauteriaren gai klasikoa dakar, Nietzscheren filosofema ezagunarekin: «Sakona den orok maite du mozorroa... Izpiritu sakon orok du maskara baten beharra». Baina jakina da maskarek soilik ez, maskarei buruz aritzeak ere beste zerbait ezkutatzea duela helburu. Triasen kasuan, ihauteriak eta maskarak Nietzscheren interpretazio okerren kontra egiteko balio du. Trias kexu da nazi eta neonaziek egindako apropiazioez. Baina kexu da berdin psikiatrek, Heideggerren zaleek, Lukacsenek eta abarrek egindakoez. Bere itxaropen bakarra testua idatzitako garaian famatu ziren Derridarengan, Foucaultengan eta bereziki Klossowskirengan dauka. Triasen kexuaren funtsa da Nietzscheren testuak etengabe interpretatzen direla baina inoiz ez direla literalki hartzen.

Baina Nietzscheren filosofia nahasia eta kontraesankorra dela ebatzi ordez, kontrakoa dio Triasek. Nietzschek «bere identitatea sakrifikatzen duela, irakasle eta filosofo izateari uzten diola, Nietzsche filosofoa izateari utzi eta maskaren prozesu benetako bat askatzen duela. Aforismo bakoitza da orduan mozorro berri bat, maskara berri bat». Triasen aburuz, Nietzschek «muturreraino darama ihauteria, bere burua mozorrotu arte...» Nietzschez bere burua mozorrotzeraino. Descartesengandik zetorren pentsamendu koherentearen kontra, Spinozak ekarritakoaren antipodetatik eraiki zuen Nietzschek. Ez ote duen Nietzscheren maskara ilunenak bentzutu, Spinoza eta Epikuroren kaltetan. Bistan delako maskara bakarra baduzu eta jende guztiak berdina jantziz gero, ez dela ihauteria, uniformea dela inposatzen dena. Eta horrek askapenetik gutxi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.