Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Beethovenen efemeridean

2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Mitoekin bezala, efemerideek balio dezakete lotzeko eta askatzeko, sakontzeko ala topiko batera kateatzeko. Gure amatxi Pilarri esaten zenionean memoria ona zuela data guztiez oroitzen zelako, ezetz esaten zizun: oroitzen zela apuntatzen zuelako agenda batean. Agendan ez zeuzkan ñabardura handiekin kontatzen zituen bizitza oso bateko pasadizoak, ordea.

Iaz egin gabekoen zerrendan daukat Beethoveni buruz gehiago irakurri eta piezaren bat ekoiztea. Egingo banu, pribilegiozko tokia luke Wagnerren Beethoven-ek. Efemeride baterako idatzi zuen hark ere: 1870ean ziren ehun urte Beethoven jaio zela. Wagner beethovenzale amorratua zen, gauza jakina zen garai hartan, baina ez zuten mendeurren ospakizunetako bakarrera gonbidatu. Ostrazismotik ateratzeko Wagnerrek liburu bat argitaratu zuen. Testuaren gehiena Beethovenen musikaren oihartzunen eta politikaren ingurukoa zen. Eta ordea, atentzioa ematen duten kontuetako bat da, Beethoven aitzakia hartuta nola alderatzen duen, behin eta berriz, Wagnerrek musika margotzearekin eta idaztearekin (Goethe, Schiller, Schopenhauer, Shakespeare).

Artista handiaren eta nazioaren arteko lotura du kezketako bat. Nola lotura hori ez den erraza artistentzat oro har («poeta batentzat ala margolari batentzat») baina askoz zailagoa den musikarientzat. Poetak eta margolariak ikusizkoarekin harreman berebizikoa zuten. Baina musikariak «ez zuen ikusizkoa ezertarako behar, nahiz eta besteek bezala behar duen lurra eta herria». Wagnerren aburuz «soinuaren lengoaia gizateria guztiarena da neurri berean».

Bitxia da Wagnerrek «ikusten den» musikari egiten dion kritika (bitxia bera operetara dedikatu zelako, eszenografiarekiko ardura handiz gainera).

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada: gaur egun edozein ekimen artistiko ez da existitzen ez bada ekoizlearen ala ekoizpenaren argazki ala bideorik erakusten (berdin poetek, filosofoek, margolariek ala musikariek).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.