garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Lizitazioak

2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Administrazio publikoak eredugarri agertu nahi du gure begien aurrean. Denon sosak adiskideen eta sokakoen artean banatzea gauzarik naturalena izan zitekeen duela ez aspaldi, nola herri mailako udaletan hala eskala goreneko gobernuetan, eta adibideak erruz aurkituko ditugu gehiegi arakatu behar izan gabe. Gaur egun, berriz, lehia eta lizitazioa behar denetarako, baita diru-mugimendurik ziztrinena justifikatzeko ere.

Horixe omen da demokratikoena. Horixe omen da gehiegikeriaren antidotoa eta metodorik bidezkoena, gardenena. Baina lizitazioak ez dira pagotxa, eta are gutxiago egokitasunaren berme, eta bestela galdetu enpresetan. Galdetu, lizitazioa lortzeko ahaleginetan lehiatu diren enpresa txikien artean, alorra edozein delarik ere, zenbat bider irabazi ote duen erdipurdiko proiektu batek, administrazioak berak jarritako balantzak merkeenaren alde egiten duelako, kalitatea eta hurbiltasuna zaindu dituenaren kaltean.Zilegi ote da, gehientsuenetan gertatzen den bezala, eskakizunik behinekoena, lehia irabazteko puntuaketa osoaren erdia (baita hortik gora ere) baldintzatuko duena, ekonomiaren gainekoa izatea eta batez ere aurrekontu minimoenaren aldekoa? Alegia, ez al da metodo hori bera zenbat eta merkeagoa orduan eta hobea formularen akuilu bidegabea, ezagutza edo jakituria irrigarri utzi, esperientzia edo eskarmentua gutxietsi eta merke zuhurra eta prekarietatea eskutik ekartzen dituena, administraziotik beretik?

Aldez eta moldez frogatu nahi zaigun legez, administrazioaren ardura hartu duenak demokratikoki banatzen ditu sosak, eta horren aldarria egiten du, adiskidekeria utikan bidali behar dela esanez. Bere konfiantzazko karguak hautatzeko, aldiz, libre ditu eskuak, hatzez seinalatutakoa kontratatzeko, hari eskumen harrigarriak emateko edo zernahi egiteko.

Berriz ere aterako zaio demokraziari, ipurdian zuloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.