Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Marrazki bizidunek dute errua

2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Beharrik Nafarroan Sergio Sayas dugun, argindarraren prezioa izugarri garestitu den garaiotan argia doan ekartzen digulako etengabe. Bide zuzena erakusten duen UPNko itsasargiak neure buruari aspaldi egiten nion galderari erantzun dio aste honetan. Orain badakit zergatik naizen horren pertsona ankerra, bihozgabea, gizartean oztopo egiteko besterik balio ez duena: Dragoi Bola marrazki bizidunek dute errua.

Egiari zor, gaztetan ez nuen dragoi bolarik ikusi, Bola de Drac baitzen Mallorcan pantaila aurrean biltzen gintuen TV3-eko telesaila; berdin du, ongi ulertu baldin badut Sayasen irakaspena, arbuiagarria, eta, batez ere, arriskutsua da gaztelaniazkoa ez den marrazki bizidun oro. Kontuz, alemanezkoak edo ingelesezkoak balira, haur eta gazte ikusleei zuzendutako saio horiek ezinbestekoak eta onuragarriak lirateke. Bai horixe, argia da Iratxo Dortoka foralaren mezua: estatuko edozein hizkuntza gutxitutan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpititulatutako produktuak gaitzesgarriak dira. ETB3k hondamendia ekarriko luke Google Translateren herrira. Horregatik, Sergio Sayasek esan duen bezala, «nafarrok ez dugu ETB ikusi nahi», mallorcarrok TV3 ikusi nahi ez genuen bezala —Kataluniako telebistaren saioak irensten genituen bitartean—. Maisu jakintsuaren hitzetatik ateratako beste ondorio bat: kaikuak ginen Mallorcan eta tontolapikoak gara Nafarroan, urrutiko aginteko botoi bat sakatuta erraz konpontzen baita arazoa.

Ezagutu dut gaiztakeriaren sorburua, baina baditut Sayas senseiarendako galdera gehiago. Jakin nahi nuke haurtzaroan zer marrazki bizidun ikusten zituzten paradisu fiskaletan dirua gordetzen duten kargu publikoek, sanferminetako eraso sexistak ezkutatzen dituzten zinegotziek, edo, esaterako, genozida baten omenezko mezetara joaten den politikariak. Oroz gain, dragoi bola bat emanen nuke Sayasen gustuko marrazkiak ezagutzearen truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.