Albistea entzun

LARREPETIT

Gerra, artaziak, zeloa

Hedoi Etxarte -

2022ko apirilak 9

Ikusi dugu Mariupoleko eraikin bat milaka lagun barruan zituena Errusiar armadak bonbardatua. Ikusi dugu eraikin bera baina ez zirela milaka lagun barruan, zirela gutxi. Ikusi dugu eraikin bera baina Azoveko naziek, Ukrainako gobernuaren menpekoek bonbardatu dutela. Ikusi ditugu gerratik ihesi ari ziren ijitoak kaleko zutabeei lotuak, aurpegiak margotuta, umiliatuta, torturatuta, bortxatuta. Ikusi ditugu hamarka lagun errusiar soldaduek hilak, lurperatuak. Ikusi ditugu Ukrainar armadak kolpatutako preso errusiarrak. Ikusi ditugu pertsona horiek berak baina zeuzkaten kolpeak berek eginak zirela. Ikusi ditugu gorpuak Kiev iparraldean. Ikusi ditugu gorpuak ziruditen piezak Kiev iparraldean, baina muntaia bat zela, zirela plastikozkoak, ala nahita hor jarriak zirela. Ikusi ditugu tankeak kiskalita: ziren tanke errusiarrak, ez, itxoin, ziren tanke ukrainarrak, ez itxoin, ziren tanke errusiarrak baina errusiarrek berek kiskaliak. Gero andre hura, bonbardatu zuten haurren ospitalekoa: Zen zauritua? Zen aktorea? Zen ukrainarren aldekoa? Errusiarrek zer diote?

Eta gauza bat hain basikoa gure amonak egiten zuena: artaziak, zeloa, papera, data eta tokia idatzi, artxiboa egin. Dokumentatu jendearen alde, gerraren kontra, Gerraren abezedarioa osatzeko: hiltzen da jendea ez bankariak ez jeneralak. Ze «emozioak historikoak dira, ez dira inondik ere unibertsalak eta garairik gabekoak». «Liburu-dendetatik/ Hiltzaileak ateratzen dira. Ergel,/ Beren seme-alabak besoetan estutzen,/ Amek begirada zeruan jartzen dute/ Zientzialarien asmakizunen bila./ Ganduak biltzen ditu/ Errepidea,/ Zurzuria,/ Herrixka./ Artileria».

Jostailuzko pistolekin hasi, gerra jokoekin segi, historia ikasi eta irakasteko moduekin, ekonomia eta gizarte antolakuntza ulertzeko moduekin dago lotuta gerraren basakeria. Esaten dizuna hautatu behar duzula Putin ala Zelenski. Baina Brechten abezedarioak dakar eginkizuna: «Zehatzaren eta orokorraren ezagutza: errealitatearen inguruko jakintzatik soilik alda daiteke errealitatea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.