Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Beherantz hasten den landarea bezala

2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Orrialde batzuetan lotuta geratzen naiz. Zalantza izateraino ea orrialde horietan zerbait baden, ala norberak maitemintzeko izan dezakeen joerak mantentzen nauen orrialde horietan. Psikoanalisiak aski ongi azaldu zuen: maitemintzeak ez du besteekin harremanik, maitemintzea beti da nor bere burua maitemintzen ari den horrekin gozatzea.

Lotuta ditudan orrialdeen artean daude honezkero hemen eta beste nonbait ekarri ditudan Hannah Arendten Rahel Varnhagen. Emakume judu baten bizitza-ko aurreneko biak. 1956ko udan liburuari egin zion hitzaurrean, Arendtek onartu zuen 1933an naziengandik ihes egin behar izan zuenean liburuko lehenengo hamaika kapituluak idatziak zituela. Hogei urte beranduago idatziko zituen azken biak, eta argitara emango, 1957an Ingalaterran eta 1974an AEBetan, eguneratuta.

Efemerideen kontua, via crucis laikoa da askorentzat. Adibidez, irakurtzen dudanean Rahel Varnhagen 1771n jaio zela, buruak segituan egiten du 1871rako jauzia: Rosa Luxemburg jaio zen urtea. Biak kultuak, biak idazleak, biak juduak, biak emakumeak, nahiz eta politikoki eta sozialki aski diferenteak. Eta 1871, noski, Parisko Komunaren urtea ere bada. Antzera gertatzen zait Varnhagen-en heriotza urtearekin (1833), Arendt iheslari egin zen urtea, nazien boteretzearena.

Badira beste pasarte batzuk, non nabarmen edukia begiradari gailentzen zaion. Varhagen-ek aipatzen duenean: «Zer da gizona bere historiarik gabe? Naturaren produktu bat da, ez pertsonaia bat». Eta Arendt-ek erantzuten du: «Edozein pertsonaia jakinen historia norbanakoa naturaren produktu gisa baino puskaz aintzinakoagoa da, norbanakoaren bizitza baino puskaz lehenago hasten da eta sustatu dezake ala suntsi ditzake oinordetzan jaso dituen elementuak. Historiaren laguntza eta babesa nahi duenak [...] ezagutu eta ulertu beharko du. Historiak buruan kolpeak ematen dizkionaturaren produktuari, bere ezaugarri erabilgarrienak itotzen ditu, zoratzen du: lurraren barnerantz hazten den landare bat bezala: bere ezaugarririk onenak nazkagarriak bilakatzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.