Ander Perez Argote
LARREPETIT

Distantzia

2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gizakiak ez dauka ahalmen nahikorik planeta suntsitzeko», esan du BERRIAn Ana Maria Alonso geologoak, eta burura etorri zait esaldiaren jarraipen logikoa izan zitekeena: «...baina bere burua suntsitu dezake». Planetak biraka segituko duela, alegia, gutako inork zapaltzen ez badu ere. Antzeko zerbait entzun diogu Gustavo Petrori azken orduetan: «Zertarako gerra, behar duguna giza espeziea salbatzea bada?».

Hala gabiltza azkenaldian, gure existentziaren bukaera badatorrela. Baieztapenik ez zaigu falta, seinale garbirik ere ez, eta ez da izango iritzi publikoan gaiak espaziorik hartu ez duenik. Idatziko da aurrerantzean egunkarietan ere, eta aterako da gaia hastear den Bertsolari Txapelketa Nagusian.

Gure existentziaren amildegia badator, eta, etortzekotan, badakit, ez da egun batetik bestera etorriko. Ehunka urteko kontua den, ala milakakoa, auskalo. Baina ez dakit tenporala den distantzia bakarra, ala baden bestelako distantziarik ere, gaiarekiko sumatzen den paralisiaren oinarrian. Zeren eta, urruti samarreko suntsipen totalak baino gehiago kezkatzen gaitu biharamuneko errutinak. Eta hala segitzen dugu, hurrengo bidaiarako hegazkin txartelak erosten, umeak mundura ekartzen, ikasturte berrirako jardueretan apuntatzen.

Bizirauteko sena edo gizakiaren berezko joera ote den ere ez dakit, ez dut bizi izan bestelako apokalipsirik. Matxinada ezkutu bat ere izaten ahal da, zaborra koloreka bildu eta elikadura kooperatibatan gaudenok gero eta gehiago izan arren, adierazten dugun nolabaiteko planto bat, gehien egin dezaketenek —egin dezaketen bakarrek?— aski egiten ez dutelako.

Ez dakit, baina Iruñeko alkate ohiak klima aldaketarekin lotu du aste honetan muturren aurrean piztu zaigun sutea, eta botoi nuklearra zapaltzear omen da Putin. Baina ez dezala etorkizuneko hondamendiak asteburu honetako plana hondoratu.

Geroak zer ekarriko duen ez dakigu. Nik, badaezpada, tomatea pototan sartzen eman dut igandea. Ekologikoa, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.