Gutxienez 150 lagun hil dira Seulen jende olde baten ondorioz

Ezbeharra hiriburuko auzo ezagun batean gertatu da, Halloween festaren ospakizunean. 150 lagun zaurituta daude; horietako 74 ospitalera eraman behar izan dituzte

Larrialdi zerbitzuak zaurituak artatzen, atzo, Seul hiriburuaren erdigunean. YONHAP / EFE.
ander perez zala
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gutxienez 150 lagun hil eta 150 zauritu ziren atzo Seulen, Hego Koreako hiriburuan, Halloween festaren ospakizunean izandako jende olde baten ondorioz, lehenik Yonhap albiste agentziak jakinarazi zuenez, eta gero Choi Cheon-si suhiltzaileen bozeramaileak baieztatu zuenez. Barne Ministerioaren arabera, ezbeharra Itaewon auzoan gertatu zen, Hamilton hoteletik gertu, hiriaren erdigunean; une horretan 100.000 pertsona zeuden inguruan.

Polizia gertaturikoa ikertzen ari da, eta, lerro hauek idatzi zirenerako, ez zuen informazio askorik eman ezbeharraz; hori bai, ohartarazi zuen litekeena dela hildakoen kopurua handitzea.

Lekuko batek Yonhap albiste agentziari deskribaturikoaren arabera, «bat-batean mundu guztia erori» egin zen, eta «behean zeudenak zapalduta geratu ziren» —Euskal Herrian 15:20 zirenean—. Hildako gehienak emakume gazteak dira, 20 urte inguruko Hego Koreako herritarrak; atzerritar batzuk ere hil direla azaldu zuten larrialdi zerbitzuek, eta gerora gehitu zuten gorpuak ospitaleetara eta inguruko gimnasioetara eraman behar izan zituztela.

Jende oldea aldapa estu batean gertatu zen, Hamilton hoteletik gertu dagoen kale txiki batean. Hego Koreako hedabideen arabera, pertsona ezagun bat taberna batean sartu zen, eta, hura ikusi zutenean, hainbat lagun argazkiak egiten saiatu ziren; orduan gertatu zen ezbeharra.

Zaurituetako 74 inguruko ospitaleetara eraman behar izan zituzten, eta gainontzekoak kalean bertan artatu zituzten; larrialdi zerbitzuetako 850 bat langile —tartean 364 suhiltzaile— eta 140 anbulantzia behar izan zituzten horretarako. Moon Hyun-joo suhiltzaileak esan zuen egoera «kaotikoa» zela.

Ezbeharra gertatu eta berehala,Yongsan barrutiko herritarrei mezu bat bidali zieten sakelako telefonoetara, etxera itzultzeko eskatuz, «Hamilton hotelaren inguruan istripu bat» egon zelako.

Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak gobernuaren premiazko bilera batera deitu zuen, eta larrialdi zerbitzuei agindu zien berehala joateko ezbeharra gertatu den auzora; inguruan dauden ospitaleei, berriz, eskatu zien zaurituak artatzeko behar adina ohe prestatzeko.

Bien bitartean, Lee Sang-min Administrazio Publikorako eta Segurtasunerako ministroa ezbeharra gertatu zen tokira joan zen, egoera bertatik bertara aztertzeko. Lerro hauek idatzi zirenerako, ez zuen adierazpen publikorik egin gertaturikoaz.

Oh Se-hoon Seulgo alkatea, berriz, Europan zen bisita batean, eta erabaki zuen hori bertan behera utzi eta Hego Koreara itzultzea, hiriburuko udalak jakinarazi zuenez.

Normaltasunera bueltan

Halloween festaren ospakizunak azken urteotako handienak dira Hego Korean, iragan maiatzean kendu baitzituzten koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako neurri murriztaile gehienak.

Besteak beste, 49 laguneko muga zuten finkatua «ekitaldi handietarako», eta jatetxeek, karaokeek eta zinema aretoek, esaterako, gaueko hamabietan itxi behar zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.