Ander Perez Argote
LARREPETIT

Mugikorra

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ikusi izan dut bertso afariren batean, bertsokidea komunera joan eta bigarren bertsolaria bakarrik gelditzen denean, ezezagunek inguratuta. Mugikorra ateratzen du orduan: ez da hain bakarrik sentitzen sakelakoaren babesean. Semaforo gorrietan ere fijatu naiz: aski dira hamar segundo, gidari bakartiek mugikorra eskuetan hartzeko. Alferrik dira aldizkariak osasun etxeko itxaron gelatan. Amak ere, aitona zaindu behar izaten zuen ordu luzeetan ibiltzen zuen eskutik eskura, argazki galeria eguneratzeko. Kostatzen zaigu hura gabe bizi gineneko garaiak gogoratzea.

Komunikabide gisara iritsi zitzaigun, baina autobabes tresna bihurtu zaigu kasik. Zaila da norbaiten zain egotea, kaleari begira, eta deseroso ez sentitzea, ez ote duten pentsatuko ero bat zarela, edo hausnarrean dabilen izaki bakarti bat, edo sekreta. Hobe duzu mugikorra atera, eta Twitterreko timeline-a behin eta berriz freskatzea, ingurura begira gelditzea baino. Urrutitik ezagunen bat ikusi eta gelditzeko gogorik ez duzunean ere balio dizu, belarrira hurbildu eta hizketan ari zarenaren plantak egiteko. Antzokietan itzaltzeko esaten dute jadanik, ez isilik jartzeko. Aski tentazio da poltsikoan piztuta edukitzea. Eta gero izutzen gara aplikazioak pantailari so zenbat ordu pasa ditugun esaten digunean. Ehun bat aldi eguneko, ikerketen arabera.

Oporretan deskonektatzera doazela diotenez beteta daude aireportuak, mugikorrari begira denak. Behin enbarkatuta aktibatzen dugu hegaldi modua, eta gogoratzen gara horretarako sortua zela. Orduan, eta bakarrik orduan, uzten dugu bazter telefonoa, hegaldiak irauten duen beste. Baina bukatu da hori ere. Hemendik gutxira, kalean bezala erabili ahalko dugu mugikorra hegazkinetan ere.

Eta guregatik balitz, aktibatuko genuke 10.000 metrora Google Maps, eta aparatuaren intuizioaz gehiago fidatu, pilotuarenaz baino. Eskerrak zeruko bideak ez dituen markatzen. Oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.