Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Errua

2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Lehenengo txapliguak lehertu dira Euskal Herriko zeruan, eta zuk ere, beste guztien moduan, eskubidea daukazu burua galtzeko. Bai, zuk: mundura aludun etorri arren, ahalduntzeko aukerak murriztu dizkizuten horrek. Ez duzu errudun sentitu behar asko edan duzulako. Euskal Herrian ia guztiok edaten dugu asko. Biharamunean ez bazara egin duzun guztiaz gogoratzen, lasai. Ezer oso txarrik egin baduzu, lagunek esango dizute, eta gauza onak ahaztu badituzu, zeu izango zara kalteturik handiena: zeuk eutsi behar izango diozu buruko minik jasangaitzenari, tripako larriari. Baina zuk asko edan izanak ez dio inori bide eman behar edan gabe zaudenean egingo ez lizukeen ezer egiteko. Ez baitiezu zuk ere, ondotik balantzaka pasatzen zaizkizun guztiei ipurdia laztantzen, edo lizunkeriarik esaten.

Ez da zure errua zure minigonak edo eskoteak edo ezpainetako margoak edo sujetadorearen tirak inoren desioa piztu izana. Pentsa ezazu, zenbat aldiz piztu zaizun zuri zerbait hanka tartean eta ez duzun inoren gainera salto egin; edo zenbat aldiz berotu zaituen dantzan ari zen horrek eta ez duzun hormaren kontra jarri. Beraz, zeuk nahi gabe, zeuri horrelakorik gertatzen bazaizu, errua ez da zurea; zuk eman ez dituzun pisten bidez, bere buruari zure altxorra deskubritzeko eskubidea eman dionarena baino. Hemen, bakoitzak kudeatu behar ditu bere azkurak.

Titi bistan poteatzea okurrituko balitzaizu ere, ez zaitzala inork ukitu. Eta ez, erakuste hutsak ez dio inori zure bularra eskuztatzeko eskubiderik ematen. Bestela, erasorik gehienak hondartza nudistetan gertatuko lirateke, eta ez txosnetan, tabernetan edo goizaldean etxerako bidean. Ez da zure errua zeure burua alurik gabe jaio zirenak bezain libre egin nahi izatea. Aitzitik, askatasun hori ukatzen dizutenak dira errudun sentiarazten zaituztenak, atzamarrez seinalatzen zaituztenak, zure erruari esker handi egiten direnak. Ez iezaiezue plazer hori eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.