Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Gizakiak, estralurtarrak eta piztiak II

2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Arendt-en aburuz, giza baldintzak funtsezko hiru jarduera dauzka: beharra, lana eta ekintza. Bakoitzak zerikusia dauka gizakiak Lurrean dituen oinarrizko baldintzekin. Beharra da giza gorputzaren prozesu biologikoei lotutako jarduera. Beharraren giza baldintza bizitza bera da.

Lana da gizakiaren jarduera ez naturala. Lanak «mundu artifizial» bat eskaintzen dio gizakiari, naturak eskaini dizkion egoera guztietatik ezberdina dena. Lanaren giza baldintza mundutartasuna da.

Ekintza da gauzen bitartekaritzarik gabe gizakiak lantzen duen jarduera, eta pluraltasunaren baldintzarekin zerikusia du. Gizakiak eta ez Gizakia Lurrean bizitzearekin du harremana. Giza baldintzen alde guztiek politikarekin zerikusia dute, baina pluraltasun hau da bizitza politiko ororen baldintza.

Arendten hitzetan hiru jarduera hauek, eta euren baldintzek, giza izatearen baldintzekin dute lotura zuzena: jaiotzarekin eta heriotzarekin, jaiokortasunarekin eta hilkortasunarekin. Beharrak norbanakoaren bizirautea segurtatzen du espeziearen bizirautea segurtatzearekin batera. Lanak eta ekoizpen artifizialak gizakiak irautea ahalbidetzen du. Ekintzak oroimenerako baldintzak sortzen ditu, alegia, historia egitekoak.

Ordea, hiruretatik ekintza da jaiokortasunaren giza baldintzari gehien lotzen dena. Gizakiak jaiotzan ikusten duen mundu berriak «zerbait berria hasteko gaitasuna» detektatzen duelako gertatzen da, alegia, gizakiek uste dute iritsi berri denak ekintzak egiteko gaitasuna duela. Hala, giza jarduera orok dauka ekimena, ekintza, eta, beraz, jaiokortasunarekin zerikusia. Horregatik, Arendtentzat, ekintza denez jarduera politiko nagusia, jaiokortasuna da, eta ez hilkortasuna, pentsamendu politikoaren kategoria nagusia, pentsamendu metafisikotik bereizten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.