Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Egungo gerrak

2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iragan asteburuan, Espainiako Estatuko aldizkari irakurrienak azalera zekarren goiburu hau: «Nola atera etekina estresari»; oihuka ari den gizon baten aurpegi zainduaz lagunduta zetorren, zerura daraman eskailera batek aurpegia erdibitzen diola. Barruan, ikerketa zientifikoz eta jende adituz ongi bustiriko erreportaje bat. Azalak ez bezala, erreportajeko azpitituluak dio estresak 2,5 aldiz biderkatzen duela heriotza goiztiarrerako arriskua. Segidan, ordea, ez kezkatzeko: lanera itzultzeak sor dezakeen antsietateak, ongi kudeatuz gero, arrakastan gora eraman zaitzake. Aurreko baieztapenari larritasuna arintzeaz gainera, hilgarri ez ezik arras mingarri den horri konnotazio positiboak eransten dizkio.

Abiapuntua azaltzeko beharrik ez dute ikusten; hots, zergatik sorrarazten duen lanak antsietatea. Errora jo ordez, estresa normalizatu eta despolitizatzen dute, egiturazko eragilerik ez balego bezala, eta borondatera mugatzen: «Estresaren kudeaketa, hein handi batean, jarrera kontu bat da». Beraz, nahiz eta masiboki eragin, norberaren esku dago (eta norberaren ardura da) estresa behar bezala kudeatzea, ez soilik goiz ez hiltzeko, etekina ateratzeko ere bai. Daria Bogdanska Esclavos del trabajo / Dans le noir (Astiberri / Rackham) komikiaren egileak dioen bezala, sinetsarazi digute norbera dela bere arrakastaren edo porrotaren erantzule bakarra.

Harreman sozialak, gaitasunak eta beste zernahi immateriala merkantilizatzen den honetan, nahitaezkoa da irudi osoari erreparatzea eta mekanismoaren loturak eta errepresentazioak identifikatzea. Horretan lagungarri da La sociedad del rendimiento (Katakrak) saiakera polifonikoa, zenbaitetan baita aztoragarri ere, erakusten baitu nola blaitzen gaituzten egunerokoan neoliberalismoaren adierazpideek. Elkarri begiratu eta praktika kolektiboen bidez erantzun ezean, autoestimu emozionala zanpatzen duten askotariko presioak geure buruari jartzen segituko dugu, eta hori ere gure (norbanakoaren) erantzukizuna izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.