LARREPETIT

'Guapa'

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko urriak 3
Lagun batekin haserretu ohi nintzen guapa deitzen ninduen aldiro. Nahiago nuen ezaugarri estetikoekin zerikusirik ez zuen adjektibo bat erabil zezan ni izendatzeko: jatortasunarekin lotutakoren bat-edo. Baina tematu egiten zen, kaixo, guapa; eta azkenean ulertu nuen, maitekiro esaten zidala, eta ez bere begietara ederra nintzenik adierazteko. Azkenerako, utzi egin nion. Eta ilusioa ere egiten zidan entzuteak, banekielako deus txarrik ez zuela gibelean.

Beste egoera batzuengatik hartua nion gorrotoa hitzari. Esan izan zidatelako, edo ingurukoei; gizonek emakumeei beti, eta ez bereziki maitasunez. Jakinen duzue zertaz ari naizen: kaletik lasai ederrean joan, eta neska, gazte eta ez bereziki itsusia izanez gero gizon talde (edo banako) baten aurretik pasatu eta entzun behar izaten diren txistu, piropo, edo esaldiez. Aste honetan bertan entzun behar izan dut halako guapa lizun bat, egun-argiz, eta herri erdian, eta nire kontzientzia feminista gorabehera, ezin izan diot deus erantzun: tente jarri naiz, sorpresaz harrapatu nau, eta aurrera segitu dut kaletik, isil, deus gertatu ez balitz bezala. Batzuetan nagia ematen du emakume erretxinaren paperean jarri behar izateak, eta zer erranik ez egunero eta une oro egon behar izateak alerta, zer entzun behar ere.

Horregatik ez zitzaidan gustatzen guapa; sinonimotzat nituelako. Baina kontua da arazoa ez dagoela hitzean; nork, nori eta nola erraten dion baizik. Pierre Bourdieu soziologoak erreparatu zion hitzen kapital eta biolentzia sinbolikoari, eta adierazi, hitzen zentzua ez dagoela esaldi soilean, erabiltzen dituenaren boterean baizik. Eta erabiltzen dituela, halaber, estatus horri eusteko. Alegia, kaletik guapa erraten dizun horrek «zu emakumea zara eta ni gizona, eta zure espazioa inbadi dezaket nik nahi dudanean» adierazten dizula, adibidez. Badago aldea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna