Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Zurian beltz

2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Prentsa askatasunaren nazioarteko eguna da gaur. Mugarik Gabeko Kazetariek ohartarazi dutenez, berriemaileek mehatxurik gabe eta segurtasun erabatekoan lan egin dezaketen herrialdeak geroz eta gutxiago dira, eta gobernu autoritarioek geroz eta estuago hartzen dituzte hedabideak. Erakunde berak urtero neurtzen du prentsa askatasunaren osasuna 180 estatutan, eta, aurtengo sailkapenaren arabera, Frantziako estatua 32. tokian dago, eta Espainiakoa 29.ean. Biek egin dute pare bat maila gora iazko posizioarekin alderatuta.

Aurreko astean jakin genuen Hala Bediko kazetari bati arrazoia eman diola azkenik auzitegiak, 2017an jarri zioten isunaren aurka egiteko auzitara eraman baitzuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila; azken ondorioetaraino borrokatuko zirela esana zuen Hala Bediko lantaldeak, eta hitzari eutsi. Bere lana egiten ari zenean (edo zelako), identifikatu eta isuna jarri zion Ertzaintzak, mozal lege-az baliatuta; orain Jaurlaritzak epaiketaren kostua ere ordaindu beharko dio kazetariari, ebazpenak diolako isuna jarri zion ertzainak ez zuela legez jardun.

Argia-ko kideek ere salatu zuten mozal legea-k beren jarduna baldintzatzen duela, hori aplikatuta haietako kazetari batek epaitegietara joan behar izan zuenean. Cabacas auziko audioak zabaltzeagatik, Gara-ko bi kazetari deitu zituzten epaitegira. Terrorismoa egotzita, Ahotsa.info-ko lagunek berriz joan behar izan dute deklaratzera, iaz zabaldutako bi albistetan «euskal preso politikoak» deitzen zitzaielako EPPK-ko kideei. Zer esan Gara ekonomikoki itotzeko amarruaz. Beharbada, Mugarik Gabeko Kazetariek horien guztien berri balute, birpentsatu eginen lituzkete rankingaren postuak.

Hala Bedik arrazoitu bezala, gurean, errudun zara kontrakoa frogatzen duzun arte. Kasu jakin horretan, kazetariak bi urte behar izan ditu, baliabide ekonomikoak eta sare sozial sendoa. Zer gertatzen da halakorik ez duten herritarren kasuan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.