maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Gorputzak

2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Uda giroko lehen asteburua baliatu asmoz, Hendaiako hondartzan izan ginen larunbatean. Uztail eta abuztuan ez naiz hondartzara sobera joan zalea, jendetzak itotzen bainau. Baina oraindik turista gehiegirik ez-eta, marea gora izanagatik, gustura egon zitekeen ondokoaren oihala zanpatzeko beldurrik eta aldamenekoaren elkarrizketa entzuteko nahigabeko tentaziorik izan gabe.

Eta ohi dugun legez, hor hasi ginen, gure arteko tertulian, zein zuria nagoen nik, ez dela ongi depilatu bertzeak, bainujantzi berria erosi beharko dudala ipurdi erdia ez erakustekotan berriro nik, bertze mitxelin bat atera zaiola hirugarrenak. Ez bereziki disgustura hizketan, eguzkia hartzeko titi-bistan egoteko batere arazorik ez baikenuen izan; eguraldiaz edo azterketez ariko bagina bezala jardun genuen, denbora-pasa.

Ez dakit den nerabezaroko tontakeria pasatu zaigula, jada ez baikara ibiltzen —edo ez behintzat nire inguru hurbilenekoak garai batean bezala janari honi edo bertzeari uko egiten—: hondartzatik bueltan ederki eta gustura afaldu genuen batek plater konbinatua, bertzeak ogitartekoa, eta bukatzeko izozkia ere bai. Baina badaezpada beti presente norbere gorputzari buruzko epaia, ez bada, gainera, bertzeen begiradak oroitarazten digula.

Kontua da, izan hondartzan edo gorputzak biluztasunetik hurbil edo erabat larrugorrian dauden lekuetan —izan kiroldegietako dutxetan, edo are hobe Gazte Topagune eta halakoetakoetan, zeinetan mistoak izaten baitira— gure begirada epailea erabat desegin egiten dela errealitatearekin tupust egiten duenean. Erakusten digulako geure buruari inposatu nahi diogun irudia inor gutxik betetzen duela: denok dauzkagula tolesturak, zuri-gorritasunak, arrakalak, eta tamaina-forma guztietako atalak. Inoren gorputza ez dela bereziki bitxia; edo guztiak direla. Eta gorputz guztiak garela, gure berezitasunean, eder.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.