maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Onarpena?

2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Pierre Bourdieu soziologo frantsesak ederki aski azaltzen zuen zergatik emakumeok, ez dakit denok beti ala batzuek kasu batzuetan, baina oro har onartu egiten dugun gure zapalkuntza propioa. Haren arabera, gizarteko kide guztiok habitus edo izateko modu batzuen arabera jokatzen dugu, eta, hala, gizon eta emakumeengandik jokatzeko modu ezberdinak izatea espero du gizarteak. Banaketa horretan emakumeok dominatuaren papera jokatzen dugu, eta gizonezkoek, berriz, dominatzailearena. Eta norbanakook subkontzientean dauzkagun eskema batzuen arabera funtzionatzen du guztiak. Hala, emakumezkook hala nahi ez izan arren, dominazioa onartu bezala egiten dugu eskema horien baitan jokatzeagatik. Honela zioen Bourdieuk La domination masculine lanean: «Dominatuek dominatzaileei dominazioaren ondorio diren eskemak ezartzen dizkietenean, edo, bertze hitz batzuk erabilita, haien pentsamendu eta pertzepzioak inposatua zaien dominazio eskemaren arabera egituratuak daudenean, haien ezagutza ekintzak, halabeharrez, onarpen ekintzak dira; sumisio ekintzak».

Bourdieuk azaltzen zuen, halaber, dominazio horrek gizon-emakumeon gorputzetan hartzen duela forma; haragitzen dela. Hala, bere roletik kanpo jokatzen ari den emakumeak lotsa sentituko du, edo beldurra; gaizki sentituko da. Eta horrek galarazi eginen dio espazio publikoan nahieran ibiltzea, adibidez. Ez dagoelako harengandik espero den lekuan.

Eskema hauek subkontzientekoak izanik, kontzientzia hartzea ez da nahikoa horiei buelta emateko, Bourdieuren ustez; gizarteko egitura bera aldatu behar da; osoa. Eta horretarako, tamalez, formula magikorik ez.

Bertze dominazio forma batzuetara estrapolatuta, nago euskaldunok, abertzaleok, ezkertiarrok eta sartu hemen boterea izatera ohituta ez gauden guztiak ez ote garen ibiltzen dominazio eskema horietan zangotrabatuta, konplexuak gainetik kendu ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.