Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Itsasoa

2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Bero sapa honi aurre egiteko ezinbesteko bilakatu zait itsasoaren freskotasunaren bila abiatzea. Nik, aukeran, Mediterraneoko kolore anitzeko urak nahiago nituzke, ahal dela nire jaioterrikoak —barka nazionalismo kutsua—. Nahi nuke toalla sorbalda gainean herri ondoko kala baterako bidea hartu eta inguru idiliko paregabean arratsaldea eman ilundu arte. Baina oraingoz ezin dut. Hortaz, B planarekin konformatu behar eta, horren ordez, Blai Bonet (Santanyí, Mallorca, 1926-1997) uhartekidearen El mar (Itsasoa, 1958) berrirakurtzen hasi naiz. XX. mendean katalanez idatzitako nobela hoberenetarikoa da, bai hizkuntzaren prosa perfektuagatik —«hizkuntzaren bidezko ukitze fisikoa» deskribatu zuen Plak; Josepek, ez Albertek—, bai idazkiaren adierazpen edertasunagatik. Aitzitik, giro itogarria aurkitu dut liburuan freskotasunaren ordez.

Bonetek tuberkulosiak jotako 20 gazteren bizipenak kontatzen ditu maisulan gotikoan, eta Espainiako Gerra Zibilaren osteko Mallorcako fikziozko —edo— erietxe batean kokatzen du narrazioa. Erlijioak gazteen sexualitatean eragiten dituen presio lazgarria eta erru sentimendua eransten zaizkio tuberkulosiaren heriotza mehatxuari. Liburuak asko du autofikziotik, Bonetek berak bere sexualitatea gorde behar izan baitzuen urte askotan, eta homosexuala zela zabaldu zuenean aurre egin behar izan zien askoren gaitzespenei eta erasoei. Kolore bakarreko itsasoa; gaur, hemendik ikusita, beste garai, leku eta testuinguru batekoa?

Ezinbesteko da oraindik freskura. Ziur naiz bihar arnasa hartuko dudala Iruñeko karriketan, LGTBIQ+ kolektiboaren festan, askeago izan nahi duten lagun askez inguraturik. Jai giroan, bat eginen dut heteronormatibitatearen arauetatik kanpo bizi diren pertsonen eskubideen aldarrikapenarekin, Blai Bonetek eta hainbatek jasan zuten —jasaten duten— estigma soziala desager dadin jendartetik. Kolore anitzeko itsasoan freska gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.