Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Itxikeria militarra

2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Tematu dira Nafarroako militarrak. Ez dute nahikotzat jo Iruñeko etorbidea berreskuratzea —akaso birkonkistatu aditza erabiltzea izanen litzateke egokiagoa testuinguru honetan, gure protagonistak kontuan hartuta ezinbestekoa baita gertakizunaren epikotasuna eta heroismoa adieraztea—, eta orain Aitzoaingo kuartelaren mugak harago, plus ultra, eraman nahi dituzte. Nonbait, Defentsa Ministerioko ordezkariek asmatu behar dute zertan gastatu 2019ko aurrekontuetan esleitu zitzaizkien 8.500 milioi euroak, eta erronkari aurre egiteko ideia aparta okurritu zaie: kuarteleko jolastokia handitzea. Entrenatzeko gunea zabalduko dute, eta bertan simulazio jokoa girotzeko dekoratua eraikitzea proiektaturik dago. Zinema izar sentituko dira soldaduak 4x4tik salto egin eta txiribueltaka aritu bitartean, Rambo filmeko Afganistango gerra eremuan edo Almeriako spaghetti western batean baleude bezala. Den-dena «Espainiako defentsaren interesean», noski.

Bai diru publikoa, bai hausnartzeko denbora sobera dituztenez gero, Armadako buru pentsalariek beste epifania bat izan dute: «tiro eremuaren inguruko segurtasun eremua zabaltzeko», Ezkaba mendia harresiz ixteko asmoa dute. Baten batek pentsa lezake segurtasuna erabat bermatuko litzatekeela, bai Ezkaban, bai beste edonon, inork tirorik jaurtiko ez balu; baina hierarkia militarrek ez dute balarik gabeko aukera aintzat hartu, eta bideragarriago jotzen dute natur parke izateko proiektatua zegoen gunea munizioz estaltzea, harresiek ematen duten intimitatean.

Berriz ere, erakunde publiko batek funts publikoz lursail publikoa bereganatu nahi du herritarren interesen kontra, «Espainiako defentsaren interesak» eta herritarrenak erabat kontrajarriak baitira. Ematen du ez dagoela modan antimilitarismoa derrigorrezko soldaduska bukatu zenetik; baliteke egitura militarraren aurkako mugimendua berpizteko garaia iritsi izana, sikiera militarren itxikeriari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.