Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Herriaren margolaria

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zazpi urte gehiago biziko zen Abdurrahim Buza. Baina berak ez zekien hori 1980an Tiranako arte ederren galeriarako zeuzkan margo behinenak hautatu zituenean. Ordurako, Buza ez zen edonor. Skopjen jaio arren 1905ean, gurasoak Gjakovakoak zituen (Kosovo). Shkodran eta Elbasanen ikasi ostean, 1924ko «iraultza burges demokratikoan» parte hartu zuen «Zog erregearen erregimen feudal-burgesaren kontra».

Bere maisu Andrea Kushiren gomendioarekin, 1928an Italiara joan zen, Torinora. Florentziara gero. «Arrakastaz bukatu zituen ikasketak» eta Albaniara itzuli zen irakasle. Bere maisu Kushirekin eta Paskalirekin batera Tiranako lehenengo marrazkilarien eskola sortu zuten.

Liberazio partisanoa iritsi arte «inolako erakusketetan parte hartzea ukatu zuen». Bere hasierako lanetatik margotu zituen jende arruntaren pobrezia, askatasunaren guraria eta heroiak. Barrikadak Tiranan (1945) margolana izan zen Albaniako errealismo sozialistaren lehengoa. 500 margo ekoiztu zituen eta sariak pilatu zituen 1979ko azaroan, «Herriaren artista» izendatu zuten arte «bere konposizio molde zabalengatik, potretengatik, paisaiengatik, eta arte herrikoia zuten lanengatik».

Altxor bat dauka 1980ko katalogo hark: Dritëro Agolliren sarrerako testua. Bertan Agollik azaltzen du Buza dela «bere tiroak xahutu nahi ez dituen ehiztari bat. Bere margolanak ez dira erreportajeak. Erdigunean beti jartzen du zerbait eusten zaituena, pentsarazten dizuna». Agolliren ustez, Buzaren lanek «umorea eta tragedia daukate, harrotasuna eta poza, esnea eta lurra». Azken batean hori izan zelako Buzak margotu zuena: «ezkontzak, jokoa, sehaskak, amen bularrak, adorea, [...] bizitzako pasarte horiek gabe sozialismoa ezingo litzatekeelako sozialismo deitu. Sozialismoak ez ditu sentimenduak pobretzen: dirdira berri batekin aberasten ditu. Sozialismoak planta hidroelektrikoak eraikitzen ditu eta tentsio altuko indar-dorreak, han goitik sehasketako haurrak hobeto ikusteko, eraikitzen ditu poza zabaltzeko eta ez, besterik gabe, mendiak dekoratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.