Samara Velte.
LARREPETIT

Ispilu joko politikoak

2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Hauteskunde aurreko debateek geroz eta sarriago gogorarazten dizkidate jolas parke zaharretako ispilu labirintoak. Irudikatzen ditut hautagaiak elkarri begira, haurrak euren islari barrez nola, bata bestearen antzeko keinu deformatua egiten, nork itxura aberrante eta bitxiagoa hartuko: jatorrizkoak edo haren islak.

Alderdiek kanpainako performanceetan lehiakide garbi bat aukeratzen dutenean, bi gauza gertatu ohi dira. Lehenbiziko aukera da etsaia kontrasterako bilatzea, norbere irudiari hark ez dauzkan —agian norberak ere ez, baina horrek ez du axola— kualitateak eranste aldera. EAJk, adibidez, puntu batzuk irabazi nahi izan ditu askatasunen aldekoen artean, eta pieza erraza aukeratu du kontrasterako aurkari modura: Vox. Frankisten aldean anisezko erroskilla batzuek ere moderno eta progre itxura daukate, baina errezetak funtzionatzen diola dirudi.

Eta beste aukera da ohikoena: lehiakidea nor duzun, haren aldera jotzea kanpainan. Finean, zeure zakuko botoak ziurtatuta badauzkazu, besteren batean sartu beharra daukazu eskua, berriak arrantzatzeko. PSOEren betiko gaitza da, azken bozetan nabarmen areagotu dena: zentroa aspalditxo galduta, alderdi bat ez, baizik eta hiru dauzka orain eskuinerago, galdeketak debekatzeko eta orotariko autonomiak erreprimitzeko exijituz. Eta nola eutsi besoa zaku horretan sartzeko tentazioari. Autoritarismoa modan dago, eta auzokide dugun gizartea, hura saritzeko prest, antza. Alderdi nagusien artean, eztabaidagai nagusia jada ez da herritarren adierazpen libreak erreprimitu edo ez, zein neurritan erreprimitu baizik: Interneteko orrialdeak, manifestazioak, bozketak. Gutxiengoen eta migranteen aurkako diskurtsoak doan haizatu dituzte alderdi batzuek, horiekin epe luzeko erresumin sakonagoen txinparta piz dezaketela aintzat hartu gabe —edo okerrago: jakinaren gainean—. Eta ezkerrari ere ez zaio geratu «faxismoa gerarazteko» promesa besterik. «Gerarazi»: ezinbestean badatorrela onartuta daukazun zerbait.

Ispilu jokoak ere dibertigarriak ziren, aberranteegiak bihurtzen ziren arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.