Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zer da etxea?

2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Karmele Jaioren Aitaren etxea eleberrian badago esaldi bat bueltaka dabilkidana egunotan: «Etxeak ez dira lekuak, etxeak eraikin batetik bestera gurekin doazen atmosferak dira». Bueltaka daukat lagun baten familia-etxea saldu dutelako eta honek akordura ekarri didalako guk ere saldu genuela duela urte batzuk. Gogoratzen dut bertan eman genuen azken asteburuan behin eta berriro, eta berriro, zeharkatzen nuela etxea bazter guztiak ondo gogoan itsasteko. Ez nuen bizitza osoan izandako etxe hura ahaztu nahi, eta bere: karraju, gela, horma eta espaloi oro tatuatu nahi nuen burmuinean; hainbeste gomuta on eta txar zituen bere baitan. Logelako hormara jarri nituen eskuak eta zarratu begiak. Horma horiekin bat egin nahi nuen, edota horma horren izpiritua eskuetan itsatsi betiko nirekin eramateko. Etxe hark zuen on guztia galduko zen beldur nintzen, batzen gintuen zer ikusezin hori desagertuko zela. Isilean eta bakarrik egin nuen negar, eta gure abaroa izandako leku hartatik alde egin genuen. Maiz pasatu naiz toki hartatik harrezkero, baina sartu behin bakarrik, gure baserria izandakoaren atzean bizi diren lagunei bisita egiteko.

Etxea da babesten gaituen eremua, ziur sentiarazten gaituena. Etxea da, neurri handi batean, batzen gaituena. Baina Karmele Jaioren liburuan agertzen zen esaldi horrek gogorarazi zidan etxe fisikoa eraikin bat dela, eta gu nora, hara joaten dela etxea. Alegia, guk egiten dugula etxea etxe. Zementua, egurra eta harriak baino askoz indartsuagoa dela etxea. Agian hau zientzia fikzioa da sasoi likido, edo dagoeneko, gasdun hauetarako, baina uste dut maite ditugunon tokian egongo dela beti etxea. Soinean, barraskiloak bagina bezala, nomada legez daramagun atmosfera dela. Hori azaldu nahi nion lagunari. Guk egiten dugula abaroa eta aterpea, eta zein zementu, egur edo harrik babesten gaituen, berdin dela. Baldin badago beti egongo da hor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.