Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Telefonoa

2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Musikaren hezkuntza publiko ez derrigorrezkoan erakutsi ohi da kontua: zergatik da hain usuala kable bidezko telefonoaren soinuarekin zure senide baten ahotsaren antza izatea? Bada elektrikoki garraiatzen den ahots horri, bidean, agudoak eta grabeak zuztarretik mozten zaizkiolako. Kontua ez da zuk zure arrebaren, nebaren, amaren ala aitaren ahots berdin-berdina duzula. Kontua da, logikoki, hizkera eta azentu antzekoa duzula baina, horrez gain, gure ahotsa osatzen duten uhinen bi heren kenduta, bertsio murriztu horretan ahots guztiek dutela besteen antza handiagoa izateko aukera.

Zuntz optikoa gurera iritsi denetik akustika zeozer aldatu da: orain ez da elektrizitate bidez garraiatzen gure ahotsa, orain informazio paketeak bidaltzen dira. Horri esker ikus ditzakegu senideak gure gailu elektronikoetan. Baina telefono arruntaren lineak alde nabarmen bat du zuntz optikoarekin: elektrizitateak huts egiten badu, routerraren bidezko internetik gabe ez ezik, telefonorik gabe ere geratzen gara, biak bat dira. Ez zen hala telefonoaren linearekin; oso ohikoa zen, orain gutxi arte, Iruñeko Alde Zaharretako kale askotan argia joatea une batez, baina telefonoak ez, telefonoak irauten zuen sare elektrikorik gabe ere.

Paradoxa bat sortu zaigu. Walter Benjaminek, Marx zorroztuz, idatzi zuen «agian iraultza dela une bat trenean doan gizateriak larrialdi palankari eusteko». Orain larrialdi palankak trena geratu du ia. Baina ez dago iraultzarik. Vladimira CerepkoavrenTelefonoa poeman (1983) bezala: hirugarren pertsonak itsaso zurbildura egiten du ihes. Iritsi den hondartza horretako «harea ale bakoitzean antzematen du trilobites historikoa, eta itsas kurkuilua belarrian jarri eta etxera deitzen du telefonoz». Hondartzan dagoenari ahots bat iristen zaio «etengabe mozten [dena] meteorologoen argibide berriak jasotzeko».

Olerkiaren amaieran, telefonoa itsaso asaldatura bota du hondartzakoak. Telefonoak ozeanotik «erantzuten die erantzun baten zain zeuden guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.