Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Udaberriko lili garbia

2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Arte ederren munduan eztabaida bat piztu zen XVIII. mendearen bueltan: lorezaintza artea da ala ez da? Eztabaida geografikoki kokatu gabe lantzen du Jacques Rancièrek bere azken liburuan eta nire ustez puntu ahul bat da hori, kontuan izanda Asian, esaterako, lorategiek eta naturaren irudikapenek izan duten tokia.

Kantek 1790ean atea zabaldu zion naturaren fruituari. Bere aurretik Thomas Whatelyk argitaratu zituen lorezaintza garaikidearen oharrak. Hurrengo urterako bazuen itzulpena frantsesez. Christian Cay Lorenz Hirschfeldek bost liburukitan argitaratu zuen, aldi berean alemanez eta frantsesez bere Lorategietako artearen teoria. Eta Jacques Delillek poema batean bildu zuen izpiritu hura Lorategiak lau abestiko sortan. Afera zen «ahalik eta modu perfektuenean atontzea naturaren objektuak». Eta Whatelyk zalantza gutxi zuen: «Lorategiak osatzeko arteak, azkenaldian Ingalaterran izaten ari zen perfekzioarekin, arte liberalen sailkapeneko goiko aldean egotea merezi zuen». Galdera da zer gertatu ote zen urte horietan, aspalditik zetorren naturaren lanketa horri jauzi bat onartzeko. Alegia, garbi dago begirada aldatu zela Frantziako Iraultzaren ateetan, eta Rancièrek konpilazio eder bat egin du. Baina ez da arrazoirik eskaintzen. Saint-Lamberten olerki ezagunean bezala «Antzinakoek maite zuten eta abesten zioten landari; guk miresten dugu eta abesten diogu naturari». Zergatik pasa zen landa natura izatera?

Paisaiaren borroka bat hasiko zen orduan Frantziako eskolaren eta Ingalaterrakoaren artean (Edmund Burkek Frantziako Iraultzaz idatzi zuen «legelariak lorategietako dekoratzaileen moduan [ari zirela], gauza guztiak berdin-berdin uzten [zituztela]»). Burkeri fanatikoak iruditzen zitzaizkion frantsesak, «lege abstraktuen eta lorategi lerrozuzenen» zaleak, ingelesen jeinua oso bestelakoa zela, tokira eta baldintzetara moldatzen zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.