Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Grafofobia ala eskriptofilia

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Noiz eta zenbat idatzi behar ote du idazle batek. Gaur egun hartu ezin den erabaki bat da. Zeren gaur egun ezin baitugu egun bakarra eman idatzi gabe. Izan lagun arteko aplikazio zelatatuetan ala izan plataforma pribatuetako jendaurreko foroetan. Horregatik, Zadie Smithek aitortu zuen urgentzia sentitzen zuenean soilik idazten zuela literatura, «bestela, zure obra irakurriko dutenean ez dute inolako urgentziarik sentituko». Halako grafofobia bat duela, idazteko beldur bat, nork bere burua babesteko baino gainontzekoak norberaren urgentzia ezetik babesteko.

Zadie Smithek aitortu izan du idazteko duen beste zailtasunetako bat distrakzioa dela. NW London 2012an argitaratu zuen, eta eleberria idatzi bitartean Internet blokeatzeko bi programa erabili zituen. 2016an Slate aldizkari liberalean elkarrizketa egin zion Isaac Chotinerrek, eta galdetu zion Internetek bere irakurketa ala idazketa ohiturak aldatu ote zizkion. Smithek esan zion baietz, aldatu zizkiola eta horregatik utzi behar izan zuela. Aitortu zuen «zeharo miresten dituela» sarean murgiltzen eta liburuak ere irakurtzen dakiten pertsonak. Baina berak bietako bat hautatu behar izan zuela. Bere «burmuina bete-betean lanean izateko» aldendu behar zela eskuko sutondoetatik. Jakinaren gainean zen galduko zituela gauzak, baina nahiago zuela galera hori, konpultsiboki idazteko izu hori bere alde jartzea.

Elkarrizketa hartan aitortu zuen ez zuela smartphone sakelakorik: «ez delako interesgarria». Ordea, badauka ordenagailu eramangarri bat, ez delako klausuran bizi, ez duena nahi dela e-posta begiratzea une oro «egun osoan zehar bere poltsikoan daukalako» telefono bat. Nonbaitera joan aurretik bertaratzeko mapa inprimatzen du. Eta bere seme-alabekin dagoenean ez du pentsatzen «Zer gertatzen ari ote da Twitterren?». Bere bizitzan egon nahi duela, maite duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.