Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Quindio arkupeetan

2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
John Jairo El Cairon (Cauca, Kolonbia) sortu zen eta 2001eko azaroaren 14an iritsi zen Iruñerrira. Gogoratzen ditu egun nabarmenen datak eskola garaiko ikaskideen bi abizenak gogoratzen diren bezala, errenkadan. 2018ko azaroaren 20an egin zuen bere La Quindianita kafetegi-gozotegia. Iruñeko Donibane auzoak Takonera parkeari bizkarra ematen dion arkupeetan dago auzoko kafe goxoena, Rilaren aldamenean. Auzokideek ez dakite Quindianitaren aurreko banku bakarrean eseri arte Olivako monasterioaren kalea, berez, etorbide bat dela, zeruan bukatzen dena. Eta handik ikusten den mendebalde txatal hori adi begiratuta badakizula eguna nondik joango den.

Jairok Kolonbian okindegietan eta barazki dendetan lan egin zuen. Horregatik, behin bururatu zitzaidanean konpetentziari buruz galdetzea (Iruñean dauden dozena erdi kafetegi kolonbiarrak aipatuz) aitortu zidan berak ez duela beretzen hitz hori inondik ere. Konpetentzia. Eskertuta dagoela antza izan dezaketen kafetegi guztien artean ñabardurak daudelako: «norberak bere estiloa dauka, produktua aurkezteko modua, harrera mota, edertasunaren kontzeptua». Jairori logikoa iruditzen zaio halako solasaldi bat nahiago baduzu batengana joatea eta bestelakoa nahiago baduzu bestearengana. Artez esaten dizu kritiketatik ikasi duela eta antzeko eskaintza duten kafetegien artean elkarri lagundu behar diotela: «gaur nik utziko dizut falta zaizuna, bihar zerbait behar badut zuregana joko dut».

Kauserak dauzka, bonozko ogia, oilasko pastela, enpanadak, arekipak, patata beteak, kolonbiar ogia. Baina deigarriena irabiakien eta zukuen eskaintza da; «duela hogei urte fruitu hauek ezin ziren hemen eskuratu, banana arra, adibidez, baina jendea moldatzen da, eta gaur egun iristen zaigu ia denetarik». Eta hala dasta dezakezu guanabana, guaiaba, marakuia, kuruba ala tamarindoa, unean bertan irabiatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.