Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ascona bat zure minari

2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Garai bat egon zen alemana eta anarkista bazinen Asconara (Locarno, Suitza) joan behar zinena. 1980ko hamarkadako autonomoak Berlin bisitatu behar zuen bezala, 1920ko komunistak Berlin ala XIX. mendeko edozein azaleko iraultzailek Paris eta Bartzelonara joan behar zuen.

Parisko komunaren porrotaren eta Sobietar iraultzaren arteko negu luze horretan, Europako kontrakulturaren gune nabarmen bat izan zen. Esperimentaziorako gunea izan zen. Bizitzaz beste egiteko toki bat: norbanakoaren mailan ala komunitatean. Emakumearen askapena, maitasun askea, gizakiaren eta naturaren arteko ehun berriak, begetarianoak, nudistak, bazterrekoak, artistak.

Handik pasatu ziren Europako hamaika tokitan langile mugimenduaren aldeko garaipenak eta porrotak lortutakoak, egunkari eta konspirazio taldeen sortzaileak, barrikadak egiten adituak eta bertso ederrenak idatzitakoak, ministro iraultzaileak. Bakunin, Malatesta, Cafiero, Otto Gross, Landauer. Asconaren ekarpen nabarmenena izan zen klase borrokaren gordinenean landu ezin ziren ardatz asko landu zitezkeela han: elkarbizitza komunitatean, sexu harremanak, giza aberea eta natura.

Bere 1905eko bidaiaz idatzi zuen Erich Mühsam kazetari, poeta, antzerkigile eta 1918-1919ko Bavariako iraultzaile nabarmenak. Zeren Asconak 1934an Oranienburgeko kontzentrazio esparruan torturatu eta hilko zuten egunera arte lagunduko zuen Mühsam. Baina iritsi eta izan zuen lehenengo talka, nolabait, kulturala izan zen. Alemanek nola ematen zioten tokia «ongi egindako lanari» eta italiarrek nola hartzen zuten lana «maldizio bat bezala». Bere lagun Johannes Nohlekin batera Monte Veritàn kokatu ziren, kolonia etiko-sozial batean, begetarianoa eta komunista. Mühsamek ulertzen zuen baietz, hasi behar zela mundu berria loratzen, burgesiatik eta integrazio sozialdemokratatik kanpo: «lurrean kondenatuekin, nekazari azpiproletarioekin, lapurrekin, prostitutekin, kapitalismoaren biktimekin». Esku zikinekin kultura berri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.