Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Amen eta aiten adinaz

2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Egon nintzen lehenengo institutuko une gozoetako batzuk beren eskoletan izan ziren. Ana eta Ane Miren, Filosofia eta Historia. Orain ez dut akorduan Filosofian ala Historian izango zen, baina DBH 4n Gregory Peck eta Lilli Palmeren The Boys from Brazil filma ikusi genuen. Filmean Hitler berri baten etorrera lantzen du neonazi talde batek Latinoamerikan. Hipotesia da haurrek Hitlerren etxeko giroaren antzekoa badute, etorkizunean, nazionalsozialismoaren liderrak izan daitezkeela. Hala, 65 urteko 94 aita hil behar dituzte naziek, Hitlerren aita adin horrekin hil zelako. Aita horiek 52 urte izango dituzte etorkizuneko Hitler horiek jaiotzen direnean. Aitaren adina eta ogibidea (funtzionarioa) funtsezko elementu bat da, amaren adinaren eta ogibidearekin batera (39 urte, etxeko zaintza lanak), baina baita aitak amarekin eta seme-alabekin duen harremana ere (zurruta eta tratu txarrak).

Bitxia iruditu zitzaidan, Susan Buck-Morssek idatzitako lehenengo liburuko lehenengo paragrafoan (1971n ondu zuen The Origin of Negative Dialectics) Adornoren amaren adinak tokia izatea: «Frankfurt am Mainen jaio zen Theodor Wiesengrund Adorno [...]. Bere aita ardoen merkatari arrakastatsu bat izan zen, [...] baina ez zuen bere seme bakarraren hezkuntzan inolako garrantzirik izan. Haurra etxeko bi emakumeekin hazi zen: bere ama Maria Calvelli-Adornorekin (37 urte zituen Theodor jaio zenean) eta Mariaren ahizpa ezkongabe Agatherekin». Frankfurteko eskolari buruzko liburu ederrenetako bat da, besteak beste erkatzen dituelako filosofoen bizitzak eta testuak.

Horietaz-eta oroitu naiz Romain Rollanden Haendel irakurtzean: «Georg Friedrich Händel Hallen jaio zen [...]. Bere aitak hirurogeita lau urte zituen, bere amak hogeita hamalau». Bitxia da Händelen aitak bi emazte izan zituela, lehena bera baino hamar urte zaharragoa, bigarrena hogeita hamar urte gazteagoa. Gurasoen adinek seme-alabengan eragiten duten faites vos jeux!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.