Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Itxaropena

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Years & Years telesail britainiarra hizpide dute nire ingurukoek egunotan. «Dena doa pikutara», esan zidan batek. Ikusi ez baduzu, biziki gomendatzen dizut, baina ohar txikia egin nahi dizut: fikzioa da. Alegia, gidoilari batzuek asmatu eta idatzi egin duten istorio bat dela. Fikzioa idazten duzunean jakina da istorioari mamia eman behar diozula, horrek dakarren guztiarekin. Distopia bat idatzi behar baduzu, kontatu nahi diozun istorioa irensteko oxigenorako tarte apurrarekin nahikoa du ikusleak, tentsioari eutsi behar baitiozu ataletan. Baina errealitatea beste gauza bat da. Eta irudipena daukat bizitzen ari garen ataka honetan askok dena lanbrotute ikusten duela, eta gainera basatza horretarako elementuak gehitu eta gehitu egiten dituztela katastrofearen gozoan bizi direlako kontent. Ez diot nik soilik, Noam Chomskyk ere esaten du, jendeak jada ez duela egitateetan sinesten. Jendeak sinesteari utzi dio, orokorrean, eta mesfidati bilakatu da. Mesfidantzak duen modurik itogarrienean, gainera. Hori oso kutsakorra da, eta gauza garrantzitsu bat suntsi dezake: itxaropena.

Izutzen gaitu etor lekigukeenak. Orain etorkizunaren fantasiak krak egin du, eta haren ezinegona jasangaitza zaigu. Baina etorkizuna beti izan da misterio bat, aurkikuntzarako lurraldea, idatzi bako orri zuria. Ezagutuditudan punk zaharrek ziotenez dela existitzen, eta carpe diem aipatzen zuten bizimodu anarkiarra justifikatzeko (gero seme-alabak munduratu arren). Frantzian bizi den Amin Maalouf idazle libanoarrak esaldi zoragarria utzi zuen joan den asteburuan. «Norabide honi ekinez gero, egoerarik okerrenera helduko gara. Nik uste dut irudikatu behar dugula gizarte ezberdin bat». Nik ere pentsatzen dut distopiak fikziorako utzi, eta errealitatean aukera argitsuak irudikatu behar ditugula, irudikatuz gero gauza genitzakeelako. Ez dauka pentsamendu magikoarekin zerikusirik, bizi irautearekin baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.