Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ustelkeria eta biolentzia

2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hain lerratu da kapitalismo parlamentarioa makilara nola iraultzaile egiten dela XX. mendeko liberalak irakurtzea. Arendt-ek, Eichmannen kontura sortu zen polemikan, zera galdetu zuen: «Ez al da egia inpotente bat hain mespretxagarria egiari jaramon egiten ez dion boterea bezainbeste?».

Egia da, aritu gara hemen berean, zaharra dela egiaren eta politikaren harremanaren historia. Gogoratu naiz aferaz egunotan, bi fenomeno gubernamental erabat kontrajarri artikulatu dituenean Eusko Jaurlaritzak: bizitza salbatzeko txertoak, bizitza kentzeko foamezko balak.

Batetik, Jose Luis Sabas Santa Marina ospitaleko burua eta Eduardo Maiz Bilboko Basurtukoa (EAJko hirugarren kide batekin) ez zegokien dosi batekin txertatu dituzte: dosi hori hiltzeko arrisku handienean dauden pertsona batzuei zegokien. Orduan Sabasek kideak zikintzeko teknika jarri du martxan: goitik zetorrela agindua. Baina goitik, Gotzone Sagarduik esan du Sabasi-eta ez zegokiela txertorik. Jarraian ez du esan ikertuko duela kasuaren zabalera: esan du ezin dela susmorik izan gutxienez jarri behar ez ziren hiru dosi jartzearen arduradunez.

Bestetik, Ertzaintzak bakean zegoen jendearen kontra biolentzia erabili, jendea zauritu eta atxilotu du. Josu Erkorekak hertsiki defendatu du jendeari hilgarriak diren armekin tiro egitea agindu dien ertzainburua, eta inork ikusi ez duen kale borroka salatu du ertzainen tortura en la calle defendatzeko (irakurri atzoko BERRIA: «Jo, atxilotu, eta autoan sartzean ere berriz jo egin ninduten»).

Bi dinamika hauek (gobernukideak salatu & kideen defentsa irmoa) oso arrakastatsuak dira krisian dagoen gizarte bat gobernatzeko. Eta biak dira okerrena egiaren bilaketan (Zenbat txertatu dira ustelki? Nor ari da Polizia dinamika hiltzaileetara bultzatzen?) zarata, entretenimendua, bihurtzen delako kudeatu beharreko bakarra: ez ospitale berri, ez pribatizatutako osasungintza ostera publifikatzea, ez txertoaren biderketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.