Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Eta izan balira, zer?

2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Argia. Zinematik atera berritan burura etorri zaidan lehenengo hitza. Gero, lagunekin eta bikotekidearekin —oso konpainia onean ikusi dut dokumentala— hizketan aritu ondoren, beste kalifikatzaile batzuk erantsi dizkiot iruzkinari, nahiz eta, egia esatera, lauron arteko hizketaldia motza izan, hitzik gabe gelditu baikara Non dago Mikel? ikusitakoan. Mikel Zabalzaren hilketaren gaineko filma gogorra —horra hor beste adjektibo bat— da; ez espero baino mingarriagoa, tortura, hilketa eta inpunitatea hizpide izanen zuela baikenekien zinema aretoan sartu aurretik, baina gogorra, bai, zehatz eta bikain azaldutako gertaera, errealitatea, gordina da eta. Beharrik Paco Etxeberriaren ahots leunak zein erritmo patxadatsuak eta Ion Arretxe zenaren narrazio zentzudunak gertatu zena irensten lagundu diguten. Egileek erabat asmatu dute irudien hautaketan, erritmoan eta, batez ere, tonuan, panfletismotik urrun torturaren salaketa argia eta eraginkorra eratu dutelako.

Ez Mikel Zabalza, ez Ion Arretxe ez ziren etakide, ezta sarekada hartan atxilotu eta torturatu zituzten gainerakoak ere. Une hunkigarri horietako batean, Arretxek aitortu du min egiten diola militante ez izanak, inolako zerikusirik izan gabe infernuan sartu zutelako, eta, aldi berean, atxilotutako etakideek zer pasatu behar izan duten buruan duelako. Errudun sentitzen da, torturak errudun sentiarazten du.

Mikel, Ion, Idoia eta gainerakoak ez ziren erakunde armatuko kide; baina izan balira, zer? Aho batez onartuko zuen Nafarroako Parlamentuak Zabalzaren heriotza ikertzeko eskaria? Espainiako hedabideetara iritsiko zen afera? Marlaskarengandik gertu esertzen den Espainiako Gobernuko lehendakariordea dokumentalaren estreinaldian izanen ote zen? Onargarria izanen zen tortura? Filmak agerian utzi du tortura arbuiagarria dela beti, hainbatek jaso behar luketen mezua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.