Albistea entzun

LARREPETIT

Paparretik ahora

Garbiñe Ubeda -

2021eko maiatzak 20

Ba omen dator eguna, aginteari eutsi nahian dabiltzanek esana, musukoak utikan bidali eta aho-sudurrak estali behar izan gabe, aurpegiak biluzik atera ahal izango garena. Ba omen dator etorri, laster batean, eta horren harira bizpahiru kontu bururatu zaizkit.

Bururatu zait —egia aitortuta, ez sinestekoa da neronek horrelaxe esatea gaur, nire CO2-tan itoko nintzela hainbestetan sentitu eta beste horrenbestetan madarikatu eta gero— eguna iritsiko denean zerbaiten hutsunea sumatuko dudala, denok ere inpertsonalago edo kamuflatuago ibiliko garelako kaleetan barrena, irribarrea edo amorrua ezkutatzeko aitzakia bakarra hortz okerrak izango diren arren.

Zenbat ezusteko izan ditudan, zenbat sentipen eta sentsazio, gozo, garrantz nahiz mingots, inguruotako jendeak aurpegi erdia estaltzeko baliatu duen zapi profilaktikoari begira. Papar aldea txapaz eta pinez josita eramaten genueneko garaia ekartzen zidan gogora, gurutzatzen genuen orori zein tributakoak ginen eta harrotasuna zerk pizten zigun lehen kolpetik erakutsi nahian beti. Maskaretan inprimatuta ikusi ditugu, futbol taldeen koloreak, armarriak, enpresen nahiz elkarteen logotipoak, mezu apokrifoak, aldarriak, multinazionalen propaganda. Ikusi ditugu, keinu gaiztoak eta bestelako aldarteak erakusten dituzten aho marraztuak, estanpatu alegerak, irudi folklorikoak. Baina bereziki eta oroz gainetik ikusi ditugu, banderak, frantsesak ugari, ikurrinak tarteka eta espainolak barra-barra, kontraesan estetiko perfektuan (harro erakutsi nahi duzun horrek dizu, hain zuzen, espresiobidea ezkutatzen, arnasa galarazten, besteren aurrean ikusezin bihurtzen).

Egunerokoan gurutzatzen ditudan jende horietarik asko, izan postari erretiratua, auzokide isila nahiz, batek daki zergatik, jakin-mina pizten didan emakume tristea, grinen eta ideologien mapan hobeki kokatzen lagundu dit musukoak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.