garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Bazar asiarra

2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Hendaia aldean ez dugu bazar asiarrik, horren ordez Gifi kate frantsesa dugu, konparatuz gero kontinentekoagoa eta sofistikatuagoa dirudiena, funtsean gauza bera den arren: merke eta nagusiki Txinan produzitzen den jeneroaren nahas-mahasa. Eskulana, brikolajea, dekorazioa, etxerako gaiak eta luze irauteko helbururik ez duten gauza txikiak maite ditugunok sarritan jotzen dugu halako tokietara. Nik neuk astean bizpahirutan, ez beti erosteko. Hegoaldeko bazar asiarretan ez bezala, behin-behinekotasun handia dago Gifin: gaur kaxan hartuko zaituen langileak —neska gaztea, gehienetan— ez dio beharbada sei hilabetez harago eutsiko, lan baldintzak bereziki onak ez diren seinale.

Horietariko batekin, hain zuzen, hizketaldi bitxi samarra izan nuen aurrekoan. «Bonjour» esan zidan ordaintzeko txanda iritsi zitzaidanean. «Arratsalde on», erantzun nion nik, eta betiko jokaera ezeroso surrealistaren esperoan gelditu nintzen. Itsuski esanda, euskarak espainoldu egiten zaitu nahi baino gehiagotan, eta hortaz, gaztelaniaz erantzungo zaizu. Gaizki-ulertua zuzendu nahiko duzu, euskaraz egiten ez badaki frantsesez egin dezakeela adierazi, baina dagoeneko beranduegi izango da. Hark gaztelaniaz jarraituko du setati.

Baina ez. Behingoagatik euskaraz eman zitzaidan segida, halaxe: «si klienteak nahi badu euskaraz, pues nik euskaraz, sin manias. Hogei euro... con cuarenta y ocho». Alegia, hogei euro eta berrogeita zortzi, errepikatu nion laguntze alde. «Bai, horixe da, eske zenbakiekin me lio un monton, batez ere en frances, porque frantsesez ez dakit tan ondo como euskaraz». Zenbakiak euskaraz eta frantsesez antzekoak direla esango niokeen, baina txintik atera gabe alde egin nuen.

Ez dakit zerk hozkitu ninduen gehiago: bere mordoilokeriak, bere konformismoak ala bekaitzak. Hizkuntzaren zama eramateko moduagatik, hura bezain zoriontsu inoiz ez naizela izango jabetzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.