garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Ume asko, ume gutxi

2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Zomorro sonatuenaren kontuek gure arreta osoa bereganatu dutelako izango da beharbada, edo urtaroei apenas alderik sumatzen diedalako azken boladan, baina oraingoan inoiz ez bezala, ezustean harrapatu naute beroak , turistek, bikini-operazioak eta udak dakartzan gainerako gaitzek.

Uda ala negu, inoiz ezustean harrapatzen ez nautenak erretiro edo erretreta kontuak izaten dira, horretara nahi baino agudoago hurreratzen ari naizen seinale.

Espainiako gobernuko ministro Escrivari etorkizuneko erretiro-sariak zaizkio ardura. Hitzetik hortzera darabil gaia aspaldion, eta zientzia-fikzioa edo distopia begien aurrean jartzen zaizkigunean bezalatsu, ezinegona pizten du lehenik, esandakoari ñabardurak egin ahal izateko gero.

Orain hurrena, baby-boom garaiaz aritu da, 1958-1970 urteetan sortutakoek lanari albait luzeen eutsi beharraz, jendetza horri denari batera erretiroa ordaintzeko sosik izango ez omen denez. Duela gutxi arte beste ertz batetik heltzen zitzaion gaiari, pentsioetarako aurrezte planak asmatu zizkiguten, kasik inposatu horiena bai gezurra eta porrota! , eta giza espezieak munduko bazter guztiak inbaditu eta gainpopulatu dituela ergelenak ere badakien arren, haurgintzan ere jarri nahi gintuzten, ume gutxi jaiotzen omen delako, oro har zahartzen ari omen garelako, sistemak nola eutsi izango ez omen duelako aurki. Beti badu, bestalde, bidelagun erosorik, negoziaketa esaten dioten tratu interesatuen bidez, adostasuna erakutsiko dion sindikaturik.

Desgastearen estrategia dela esango nuke. Arreta desbideratuta dagoenean, panorama latza marraztu, sistemaren hutsuneak nabarmendu, aukera falta erakutsi, ezina nagusi dela esan, etsipena sortu, eta halako batean,salbazio bermatu gisa, adostasuna hauspotu. Zertarako. Biharko erretretak gaurkoak baino kaskarragoak izatea zalapartarik atera gabe onartzeko. Gure kabuz eta borondatez, logiko jotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.